DYA-k 3.360€ jaso zituen Galdakao Txirrindulari Elkartearen eskutik
Ekartasuna
BINKE / 2021eko ekaina
DYA-k 3.360€ jaso zituen Galdakao Txirrindulari Elkartearen eskutik
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Zapatuan Galdakao Txirrindulari Elkarteak Donostia, Gasteiz eta Bilbo egun bakarrean eta bizikletaz lotu zituen erronkari eta egun berean Ardanza parkean antolatu zuten ginkana solidarioari esker 3.360€ eman zitzaizkion DYA-ri.
Donostia, Gasteiz eta Bilbo egun bakarrean bizikletaz lotu zituzten Igor Anton txirrindulari profesional ohi galdakoztarrak eta beste 19 lagunek —galdakoztarrak gehienak, behean zerrenda—. Helburu solidarioa zuen erronkak: DYA-ren aldeko diru bilketa egitea.
Hogei lagunak zapatuko goizaldeko bostetan irten ziren Galdakaoko Santi Brouard enparantzatik, 16 ordutan egin behar zuten 322 kilometroko ibilbideari ekiteko. Durangoko bidea hartu, eta Itziarko portutik Donostiara egin zuten lehenengo. Gipuzkoako hiriburura 10:00etan iritsi ziren, bertako udaletxean argazkia atera eta Gasteizko bidea hartu zuten ondoren, Tolosatik, Altsasutik eta Aguraindik pasa ostean Arabako hiriburuko udaletxera 16:45ean iristeko.
Gasteiztik Bilbora 17:00 aldera irten ziren, eta ordu horretan bertan, Galdakaoko Ardanza parkean DYA-ren aldeko helburu bera zuen ginkana solidarioa antolatu zuten Galdakao Txirrindulari Elkarteko Gelaren kideek. Horren berri eman zuen Binkek hilabete lehenago, maiatzaren 26an, albiste honen amaieran berreskuratu dugun bideoaren bidez.
Bada, ginkana solidarioan 86 gaztek euren bizikletekin hartu zuten parte. Maldan gora, maldan behera, ezker eta eskuin aritu ziren Binkeko kide den Jon Gomez Garaik aurkeztutako arratsalde osoko ekimenean. Ekimen horretan parte hartzeko, dortsal bakoitzagatik euren gurasoek 10€ ere ordaindu behar izan zituzten. Horrela ba, erronkako hogei kideen ekarpenari ginkanako ekarpenak, gehi dozenaka lagunek erositako dortsal sinbolikoak gehituta, guztira 3.360€ batu ziren DYA-ren alde.
Erronkaren 20 lagunek hiru hiriburuak lotzeko ibilbidea Galdakaon amaitu zuten. Eta ginkanan parte hartu zuten gaztetxo guztiek Urretan itxaron zituzten eguneko txapeldunak, bertatik denak elkarrekin Ardanza parkera berriz itzultzeko.
Amaiera ekitaldian Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkatea eta Asier Egiraun zinegotzia ere izan ziren. Eta alkateak izan zuen, Igor Antonekin batera, ekarpen horren txekea DYA-ren ordezkari gerturatu zen Diana Gonzalez galdakoztarrari emateko ardura.
Hiru hiriburuen erronka solidarioa egin zuten kideak:
- Juancar Madina.
- Lander Fernandez.
- Jon Amiano.
- Javi Gonzalez.
- Ruben Garda.
- Igor Anton.
- Josema Fuente.
- Enrique Gomez.
- Joseba Loroño.
- Richar Gomez.
- Javi Atxutegi.
- Ander Txakartegi.
- Ziortza Villa.
- Gorka Agraz.
- Julian Sanz.
- Ramon Garcia.
- Aitor Antxustegi.
- Joserra Garcia.
- Luis Alberto Garcia.
- David Muñoz.