«Ohitura aldatzeko garaia», Malen Agirre
Iritzia
Malen Agirre Espilla
BINKE / 2021eko ekaina
Ohitura aldatzeko garaia
Online erosketek gora egin dute pandemia garaian, baina, onura ala kaltea eragin digute? Internet bidez erostea edonoiz eta edozein lekutatik egin dezakegun jarduera bat da, ilararik jasan gabe eta denbora asko aurreztuz. Gainera, teknologia berriekin gaur egun edozein dendak ematen du online erosteko aukera.
Konfinamenduan hasi zen jendea ekintza hau errutina lez hartzen. Etxetik irten ezinik genbiltzan, baina internet bidez edozein gauza eros genezakeen: elikagaiak, arropak… Covid-19 dela eta, jatekoa ere online erosten zuen jende askok. Izan ere, berrogeialdian horretarako soilik irten zitekeen, eta, kutsatzeko aukera gutxiago edukitzeko ideia onena elikagaiak ere internet bidez eskatzea zen.
Horrez gain, lau hormen artean irten ezinik egonda, inguruan geneukana begiratzeko denbora asko genuen, eta, soberan genituen edo erabiltzen ez genituen edozein motatako gauzak Wallapop edo Vinted bezalako aplikazioen bidez saltzeko momentu aparta izan zen.
Baina, esan dudan bezala, jende askok asperdurak jota nahitaezkoak ez ziren gauzak erosteko aprobetxatu zuen berrogeialdia; arropa, adibidez. Beste pertsona baten bizia arriskuan jartzeko bezalako garrantzia al du kamiseta horrek zuretzat?
Orain ohitura horiek aldatzeko garaia iritsi da. Pandemiak erakutsi digu herriak denda eta taberna gabe bere bizia galtzen duela. Gainera, komertzio hauek zabalik egoteak segurtasuna transmititzen du. Horrez gain, harreman sozialak izateko guneak dira eta dendariekin tratu ona edukitzeko aukera ona da herrian bertan kontsumitzea.
Guztion artean egin dezagun Galdakao esparru alai eta bizi bat!