Aitziber Bilbao: «Ia 600 kriminologo gagoz Euskadin erakunde publikoetan ezin lanik egin»
Aitziber Bilbao, kriminologoa eta EHPIKE-ko presidentea
BINKE / 2021eko uztaila
«Espetxeen eskumena guk izatea justizia humanistago bat sortzeko bidea da»
Aitziber Bilbao Etxebarria
1965, Galdakao
EHUren Kriminologia ikasketetako lehenengo promozioko ikasketak eginda ditu Bilbaok Donostian, eta Gazte-zigor justizian eta Justizia Berriztatzailean ikasketak Ginebrako Unibertsitatean. Euskal Herriko Profesional eta Ikasle Kriminologoen Elkarteko presidentea da gaur egun, baita Zubilan Elkarteko sortzaile eta presidentea ere. Azken hau gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak ikertzen, zabaltzen eta praktikatzen dituen elkartea da.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa
Galdakaoko Lapurdi aparkalekuaren ondoko etxebizitza berrietan geratu gara Euskal Herriko Profesional eta Ikasle Kriminologoen Elkarteko presidentearekin, hain justu aipatutako aparkalekuaren eta etxebizitzen lurretan baitzegoen Aitziber Bilbaoren etxea. Ilusio handia egin digu berarekin batzea eta bera hain ondo ikustea, bihotzeko gogor batetik irten berri delako. Lanbide ezezagun bezain beharrezko batez hitz egin dugu berarekin.
Ezer baino lehen, Aitziber, zelan zaude osasunez? Sustua pasatu ostean ondo. Oraindik bildurrak badaukadaz baina ondo sentitzen naz. Ondo errekuperatzen nabil, medikuaren baimenagaz kirola eta dantza egiten hasi naz…
Heriotza «inoiz baino hurbilago» ikusi duzula esan zenidan, gehiago baloratzen duzu orain bizitza? Topikoa dirudi, baina bai. Sikieran niri hori gertatu jat, bizitzan hilezkorra banintz lez ibili naz, eta anbulantzian ebakuntza urgentea egitera naroadiela, hor konturatu nintzan zein zan egoera. Horren ostean konturatzen zara gauza askok ez dabela merezi. Estresagaz bizitzea edo hasarratuta egotea, esaterako. Beraz, aldaketa batzuk egiten ahalegintzen nabil nire onerako. Eta horretan Jaione Urkijori eskerrak emon gura deutsadaz, bakarrik ez nagoala erakutsi deustalako.
Eta bizitzaz ari garela, zu kriminologoa zara. Badu horrek ere loturarik bizitzarekin, ezta? Kiriminologiak bizitzaren alde lan egiten dau. Gizartea askoz lasaiago bizitzeko eta, arazorik egon ezkero, tresnak eskaintzen dauz; ikerketak eginez egoera aldatu edo hobetzeko. Kriminologia biktimarioan, biktiman, gizartean eta apurtutako arauetan oinarritzen da.
Gauza bera al dira kriminologia eta kriminalistika? Ez, nahiz eta lotuta egon. Kriminalistikak zer gertatu dan argitzen dau eta kriminologiak zergaitiari erreparatzen deutsa.
Berandu hasi zinen mundu honetan, zerk erakarri zintuen? Nire ikasle bat erail eben eta horrek shockean utzi ninduan. Beharra neukan jakiteko pertsona bat zelan izan daiteken kapaz horrelako zeozer egiteko. Garai hartan, Madrilen eta Bartzelonan baino ez egoan aukera kriminologiako ikasketak egiteko, baina 2010ean Donostiako EHUn kriminologiako ikasketak jarri behar ebezala aireratu zanean, jarraian matrikulatu nintzan. Eta asko gozatu neban!
Kriminalistikaren ondoan, zergatik ez da hain ezaguna kriminologia? Aurten EHUko zazpigarren promozioa atara dabe eta ia 600 kriminologo gagoz, gaur egun, erakunde publikoetan lan egin ezinean. Kriminologia XIX. mendean sortu bazan be, gaur oraindik erakunde publikoetan ez dago lan-poltsarik. Horregatik ez da agian hain ezaguna gure beharra.
Orduan, kriminologo batek ezin du lan ofizialik egin? Kriminologook lan ofizialak egin daikeguz, bai. Epaitegietako zerrendatan gagoz, esaterako. Baina gure irudia ofizialki onartu barik dagoanez ez gaitue kontuan gehiegi hartzen. Badagoz kriminologiako bulegoak eta alkarteak be, baina pribatuak dira eta ez dira oso ezagunak.
Espetxeetan ere ez dago kriminologorik? Orain, ez. Espainiar estatuko Kriminologiako elkargo eta alkarteok bat egin dogu, espetxeetako instituzioari kriminologoak lehen izan eban lekua exijitzeko, 1979an desagerrarazi ebena. Aldarrikapenerako garaia heldu jaku kriminologooi.
Egin edo egingo al duzue ekintzarik? Momentuz bilerak izateko zain gagoz, eta behar diranak egiten ez badoguz alderdi politiko guztiakaz harremanetan jarriko gara. Hiru urte pasa dira Elkargoa sortzeko kudeaketak hasi genduazanetik eta garai hartako politikari batek esan euskun baldintza guztiak betetzen genduzala Elkargoa sortzeko. Hiru urte pasa ondoren, oraintsu jakin dogu gure txostena galdu egin dabela…
Zer eskatu gura diozue Eusko Jaurlaritzari? Kriminologoontzako lanpostu publikoak sortzea, edo guk egin beharreko beharrak guri bideratzea, gaur egun gure ezagutza barik beste arlo batzuetako langileak ari diralako gure beharra egiten! Euskadin beti harro sentitu gara Europan gure bikaintasuna aipatzen dabenean, baina gure alea jartzeak mesede egin ahal deutsa bikaintasun horri, adibidez, justizia arloan eta bereziki justizia berriztatzailean.
Hala ere, zu EAJko kide zara, eta Jaurlaritzarekin hasarre igartzen zaitut. Hori ez al da alderdiaren aurka egitea? Guk orain arte Jaurlaritzan izan doguzan harremanak bertako langileekaz izan dira, ez politikariakaz, eta nik ez dot horreitako bakotxaren afiliazio politikoa ezagutzen. Baina guri arazoak jarri deuskuezenak teknikariak eta funtzionariak izan dira. Hemendik aurrera politikariakaz egingo dogu berba, ia zelan.
Politikariak aipatuta, zelan aurreikusten dituzu datorren legegintzaldirako hauteskundeak Galdakaon? Bizi barria daukadanetik ez dot gerora begiratzen, orain eta hemen nago. Baina bakarrik esan gurako neuke politikoen ahalmen eta irudiagaz pertzepzio irreala daukagula. Udal bat aurrera eroatea ez da bape erraza, oposiziotik danak errazagoa emoten dau, baina behin gobernura helduta konturatzen zara azken berba ez daukala politikariak, udal-teknikariak baizik. Beraz, datorren hauteskundeetan herriak erabakitzen dauan emaitzagaz konformatuko naz, zelan ez, baina bakarrik eskatuko dot politikariak eta alderdiak kritikatu aurretik gure burua be kritikatzea, eurek diralako gure gizartearen islada.
Herrian hamaika saltsatan sartuta ibili zara, jende asko ezagutzeak laguntzen al du kriminologo ogibidean? Ez, ez dau laguntzen. Gainera askotan kaltegarria izan leiteke, kriminologo edo bideratzaile baten paperean ikusi baino beste moduren baten ikusten zaituelako, edo aurreiritziak dagozalako… Laguntzen dauanak gaiari lotutako foroetan parte hartzea da.
Eta horrelakoetan ere ibiltzen zara! Bai, orain gitxi Mexikoko Kriminologia alkarteak egindako nazioarteko kongresu baten parte hartu neban eskola eta kriminologiaz berba egiteko, udazken honetan nazioarteko beste hitzaldi batzuk emongo dodaz, aurton Justizia Berriztatzailearen Zientzia Elkarteak zazpigarren kongresua egingo dau Bolivian eta bertan be Euskadiren ordezkari lez egongo naz…
Non beharko genuke kriminologo bat? Genero indarkeria eta adingabeen epaitegietan, espetxeetako tratamendu taldeetan, heldu eta adingabeen egoitzetan, eskoletan, udaletxeetan, segurtasun enpresetan… eta abar luze baten.
Eskolak aipatu dituzu, ea ba, sakondu dezagun gehiago… Zein izango litzakete kriminologo baten lana ikastetxe batean, esaterako? Arazoak gizakien arteko harremanen artetik sortzen dira, pertsona sozialak garalako. Eta eskola, familiaren ostetik, pertsonen sozializatzeko bigarren urratsa da. Aldiz, eskolei ezinbesteko erantzukizuna leporatu deutsegu: giza-arauak, kurrikuluma betetzea, babesteko protokoloak, informeak… Eta kriminologoen beharra handia ikusten dot, esaterako, haurren arazoak identifikatzeko eta arazo horreitatik ondorio larriak saihesteko.
Kriminologo batek bullying-a saihestu dezake, beraz? Desagerrarazi, ez. Baina prebentzioan lan handia egin, bai. Gure alkartean, esaterako, badagoz eskoletan gatazkak murrizteko proiektuak, baina hezkuntzak be gu onartzea oso zaila izaten dabil.
Tira, badira bullying-a saihesteko programak eskola eta ikastola askotan, ezta? Bai, eta lehenengo urtean erasoen kopuruak behera egin eban, baina bigarren urtean proiektua guztiz martxan jarri zanean kopuruek gora egin eben. Beraz, programa horrek be eguneraketa bat eskatzen dau, eta kriminologo baten laguntzaz, hobeto.
Saihesteaz ari garela, gizarte honek indarkeria matxista ekiditeko zailtasunak dituela begibistakoa da… Indarkeria matxista gorantza doa. Beraz, eta kriminologoen ikerketek esaten daben bezala, zigorrak gogortzea ez da batere proportzionala delituen murrizketagaz. Ezinbestekoa da indarkeria matxistaren legea berrikustea eta egokitzea.
Hiltzaileek edota bortxatzaileek badute euren arteko ezaugarri komunik? Erlijio, kultura eta bizi garan tokiek eragina badaukie be, emozioak dira gu zerbait egitera eroaten gaituenak, eta emozio oinarrizko horreik mundu guztian antzekoak dira. Beraz bai, hiltzaile edo bortxatzaileen profil desberdinak egin daitekez.
Zelan identifikatu daiteke neurri horretako madarikatu bat? Oso zaila da horrelakoak aldez aurretik identifikatzea. Baina beste herrialde batzuetan ikerketa interesgarriak egin dabez, esaterako, orain ikertzen dabilz ia loturarik dagoan txikitan buruan kolperik jaso edo konortea galdu izana portaera disruptiboakaz. Lotura hori konfirmatzen bada, eskolak, kriminologoak, neurologoak eta familia medikuak alkarlanean ibili beharko dabe. Dana dala, hemen holakoak egitetik oso urrun gagoz.
Psikopata bat beti da hiltzaile bat? Ez, psikopatak gizartearen ehuneko bata dira eta horien %1 hiltzaileak bihurtu daitekez. Halanda be, psikopatakaz lan egin ezkero hauen izakera moldatu egin daitekela erakutsi dau Daniel Reisel neurozientzialariaren ikerketa batek. Psikopatak moldatu ahal badira, gainontzeko erasotzaileak be.
Erasoak «erakarri» ditzaketen «puntu beltzak» aztertzeko ardura ere kriminologiarena da? Bai, duda barik. Hau kriminologiako beste arlo bat da, hingurumen kriminologia eta hiri segurtasuna. Sistema honek tokiak zelan diseinatu aztertzen dau, delituak gitxitu daitezan edo behintzat tokia ez daiten eraso-eragile bihurtu.
Eskumenen transferentziekin bete-betean dabiltza Espainiako eta EAEko gobernuak, baduzu harremanik espetxeen transferentziarekin? Zeozertan bagabilz. Kriminologoak espetxeetan egoteak beharrezkoak dirala uste dogulako gure alkartetik. Baina honen inguruan ezin deutsut ezer esan, jagokon departamentuagaz berba egiteko asmoagaz gabilzalako.
Zein onura ekarriko liguke espetxeen eskumena Jaurlaritzak izatea? Datu bat emon gura deutsut, ezer baino lehen: espainiar estatua da, Europa mailan, espetxeetan biztanle gehien daukazan herrialdea baina delitu gitxien dituana. Eta espetxeen kudeaketak eragin zuzena dauka herritar hauengan eta hauen inguruarengan. Beraz, espetxeen eskumena guk izatea justizia humanistago bat sortzeko bidea da. Eta horrek, espetxeetatik hasita, justizia berriztatzailean oinarrituta egon behar dau. Gure alkartetik, Euskal Herriko Profesional eta Ikasleen Kriminologia Elkartetik (EHPIKE), horretan laguntzeko prest gagoz, gure kide batzuk be mundu mailako Justizia Berriztatzaile Zientzia Elkarteko ordezkariak diralako.
Asko aipatu dozu baina, zer da zehazki «justizia berriztatzailea»? Justizia Berriztatzailea edo Errestauratiboa, hain zuzen, biktimari eragindako kaltea konpontzeko —alegia, sufritutakoa gertatu aurreko egoerara bueltatzeko— eta erasotzaileak egindako kaltea barneratzea lortzeko justizia-eredu alternatiboa da. Garrantzitsua da biktima laguntzea, noski, baina oso garrantzitsua da gaizkileekin egiten dan lana, egindakoa —ez antzeko deliturik— barriz errepikatu ez dagian. •