Konfiantzazko karguetan Galdakaoko Udalak duen «errekorra» kritikatu du EAJ-k
Politika
BINKE / 2021eko abuztua
Konfiantzazko karguetan Galdakaoko Udalak duen «errekorra» kritikatu du EAJ-k
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko EAJ-k kritikatu egin du, «hitzemandakotik urrun», Udalak gastu politikoetan eta konfiantzazko karguetan egin gura duen aldaketa. Binkek alkatetzarekin ere hitz egin du, gai honen aurrean esateko duena jakiteko.
Legegintzaldi hasieran «gastu politiko eta konfiantzazko karguetan 300.000€ aurreztuko ebela esan baeben be, Udal Gobernu hau beste zinegotzi bat liberatu guran» dabilela kritikatu du Galdakaoko Euzko Alderdi Jeltzaleak, «urtero 20.000€ko gastu igoera ekarriko leukena gastu politikoetan».
Modu honetan, gainera, konfiantzazko karguetan «errekorra» hautsiko lukeela salatu du oposizioko alderdi nagusiak: «EAJ-k PSE-gaz osatutako aurreko Udal Gobernuak konfiantzazko hiru kargu eta lau liberatu politiko zituan; oraingo gobernu-taldeak barriz, guztira hamar liberatu eta konfiantzazko kargu izan gura dauz».
Zinegotzi berri bat liberatzea eta konfiantzazko karguetan egin gura dituzten moldaketak uztaileko Ohiko Osoko Bilkuran ziren aztertzekoak, baina iraileko udalbatzara atzeratzea erabaki zuen Galdakaoko alkateak. Hala ere, jeltzaleek gaiari aurrea hartu gura izan diote eta Udalaren asmoak kritikatu dituzte Prentsa Ohar bidez.
Galdakaoko Udal Gobernuari gai honegatik galdetuta, alkatetzak Binkeri adierazi dio EAJ-k emandako datu horiek «ez direla egia», eta guztiaren kontu publikoki irailean emango duela.