Jon Crespo preso galdakoztarra Basaurira hirugarren graduan gerturatuko dute
Euskal gatazka
BINKE / 2021eko iraila
Jon Crespo preso galdakoztarra Basaurira hirugarren graduan gerturatuko dute
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Etxeraten karteletik hartua
Jon Crespo Ortega preso galdakoztarra Kantabriako El Dueso espetxetik Basauriko espetxera gerturatuko dute datozen egunotan.
Espainiako Espetxe Erakundeak atzo, eguaztena, iragarri zuen ETArekin lotutako bederatzi preso gerturatu egingo dituztela. Presoetako biri, gainera, hirugarren gradua emango diote; euretariko bat da Jon Crespo Ortega preso galdakoztarra.
Crespo mehatxu, desordena publiko eta kolaborazio armatuagatik izan zen kondenatua. 2002az geroztik, 25 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da, eta aurtengo abuztuan bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Hirugarren gradua erreserbatuta dago erdi-askatasunezko erregimena eramateko gaitasuna duten presoentzat, edo egoera terminalean dauden gaixoentzat. Erregimen horren ezaugarri nagusia da presoak egunez atera daitezkeela espetxetik, eta lo egiteko bakarrik itzul daitezkeela.
Crespori hirugarren gradua eskaini diote, Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren arabera, espetxeetako legedia «onartu egin duelako» eta erantzukizun zibila «asetzen» hasi delako. Eta halaxe dio zuzendaritzak: «Biktimen samina arintzeko nahia agertu du Jon Crespok, indarkeriaren erabilera arbuiatzen duen eta jarduera armatutik aldentzen den idazki baten bidez».