
«Euskaraldia, euskaldun moduan armairutik ateratzeko aukera ederra», Ainhitze Bizkarralegorra
IRITZIA
Ainhitze Bizkarralegorra Bravo
Zenbatetan zure buruari galde egin diozu «eta honi nola hitz egingo diot?» Edo lotsa sentitu? Edo deserosotasuna? Edo beldurra? Edo barkamena eskatu? Guzti hau, non eta Euskal Herrian, ez atzerrian. Hau ez da ez sanoa ezta normala. Nik aspaldi eman nuen pausu hori, euskaldun moduan armairutik ateratzea (konplexuak gainditu eta naturaltasunez, euskaraz ez daki edo nahi ez duenarekin erdaraz jarraituz). Ariketa oso gomendagarria. Sorpresa polita pila jasoko dituzu eta batez ere askatasuna zure hizkuntzetako batean berreskuratu edo lortu. Hasieran ezeroso gerta badakizuke ere, gutxienez 11 egunez probatzera animatzen zaituztet. Aurrera euskaldun bezala ere armairutik ateratzearekin!
Nire kasuan armairutik ateratzeko atzerrian bizi izanak lagundu zidala aitortzen dizuet: bertan alabarekin naturaltasunez (askatasunean) euskeraz hitz egiten nuen KALEAN ere bai (etxean hiru hizkuntza genituen; gaztelania ez zen bat). Berarekin Euskal Herriratuta, laster ikusi nuen ez nengoela atzerrian bizi izandako “askatasun hori” galtzeko prest. Non eta etxean? NO WAY. Horrela, euskaldun moduan armairutik guztiz atera nintzen. Atzerrian bizi izandako eleaniztasun naturala ere bidelagun ona izan da; Belgika edo India-lako herrialdeetan adibidez, ez da bitxia egunean zehar persona batek hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea. Profita dezagun Euskaraldiak eskaintzen diguna. Ez dadila inor armairuetan bizi, euskaldunak ere ez!