Musika Bizian jaialdia bueltan da: azaroak 5 eta 6 Iturrondon
Kultura
BINKE / 2021eko urria
Musika Bizian jaialdia bueltan da: azaroak 5 eta 6 Iturrondon
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Pandemiaren eraginez bertan behera geratu behar izan zen Musika Bizian jaialdia, baina aurten bueltan da ohiko karpa erraldoira eta nazioarteko ikuspegiarekin. Azaroaren 5 eta 6an ospatuko da Iturrondo plazan, Andra Mari Dantza Taldearen eskutik.
Iazko geldialdiaren ostean, bueltan da Musika Bizian jaialdia Galdakaoko Iturrondo plazan jarriko den karpa erraldoira. Horrela aurkeztu dute gaur prentsaurrean Lorea Bilbao Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak eta Jon Gomez Garai Andra Mari Dantza Taldeko kideak.
Beren-beregi estatu propiorik gabeko herrialdeetatik datozen musika taldeen Euskal Herriko jaialdi bakarra da Musika Bizian. Zazpigarren urtez jarraian antolatuko du Andra Mari Dantza Taldeak. Tira, jarraian ez, pandemiak eragindako ohiko geldialdien motiboz ezin izan zelako iaz Musika Bizian bere horretan antolatu. Horren ordez, jaialdi alternatiboa antolatu zuen Andra Marik Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian, urriko eta azaroko hainbat zapatutan. Gurean izan ziren, besteak beste, Izaro, Joseba Tapia, LauSo, Oreka TX eta neurriko taldeak. Ordea, guztiak euskaldunak, osasun larrialdearen egoerara egokituta.
Baina aurten bai. Aurten aukera izango dute dantza taldeko kideek Musika Bizian ia bere horretan antolatzeko. «Ia», jatekoak ezin izango dituztelako jarri antolatzaileek. Aldiz, ohiko urteetan legez, bueltan dira karpa eta agertoki handiak Iturrondo plazara eta bueltan dira nazioarteko taldeak ere azaroaren 5 eta 6an.
Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza duen jaialdi honek aurten Siziliako, Kurdistango eta Feroe irletako musikariak hartuko ditu. Siziliako Ibeddi taldea izango da agertokia zapaltzen lehen taldea. Bere sustraietan oinarritutako musika ekarriko digu talde sizialarrak Galdakaora, ahotsari garrantzia handia emanez eta doinuak harizko instrumentuetan eta soinu txikian oinarrituz. Hala ere, Ibeddik gitarra elektronikoa ere izango du kide, eta akorde elektrikoek ere izango dute bere tartea Siziliako taldean. Barikuko bigarren taldea, Musika Bizian jaialdian ohikoa den bezala, euskal talde bat izango da. Xabi eta Kristina Solano anai-arrabek Kimua Dantza Kolektiboaren dantzekin jantzitako ikuskizuna eskainiko digute Iturrondo plazan.
Baina azaroaren 5eko kontzertu hauei ekin aurretik, 19:00etatik aurrera, Musika Bizian jaialdiaren lagun bilakatu den talde bateko kantuekin ere gozatu ahal izango dute bertaratutakoek: Taberna Ibiltaria izango baita kontzertuak hasi aurreko tartea berotzen, karpan bertan.
Azaroaren 6arekin berriz, egitaraua zabaldu egingo du Andra Mari Dantza Taldeak Iturrondoren bueltan. Eguerdian luthier azoka izango da, instrumentuak ikusteko, erosteko, probatzeko… Arratsaldean berriz, Beti Jai fanfarriak Iturrondo plazaren inguruko kaleak girotuko ditu eta 20:00etan hiru taldek ekingo diote Musika Bizianeko bigarren jardunaldiari: Kurdistango Adir Janek, Feroe irlako Danny Baldurssonek eta Skakeitan euskal taldeak izango direlako oholtzan nagusi.