«Plus & Plus», Jose Inazio Basterretxea
Erretratuak
Jose Inazio Basterretxea Polo
BINKE / 2021eko urria
Plus & Plus
Ikusi ditut, ikusi, parkingak autokarabanaz beteta, errepideak kotxez, motoz eta bizikletaz gainezka, aireportuak maletaz gonburu eginda. Mendiak eta hondartzak, leporaino. Labarrak eta belardiak, apartamentuek eta txaletek estalita. Kale-bazterrak, lohi-lohi… botila txiki eta tzarrakaz. Ikusi dot jendea, ezerk eta inork guraria ezin aserik.
Denborari buztartu behar gaiakozala esaten jaku, denboragaz batera bizi. Baina, nago egokitzapen batzuetan ardi latxa baino otzanago garala, otso garan ustean.
Aldian aldikoak dira beharrak eta moldatzeak. Halere, badago adaptazio bat inoiz falta izan ez dana, klasikoa; eta da ustezko korronte nagusirako joeraren baitakoa sentitu beharrari erantzutekoa, ustezko korronte nagusirako moldakizun-ahaleginaren barrukoa… nork bere era ustez espezifiko, kopia ezin, eta esklusibora egin ohi dauana.
Estutasunezko aldikada latz batetik gatoz danak. Eta emoten dau eskuratzeko erreza nahiz eskuragaitza gura ditugula: dana eta guztia. Atoan. Gehiago. Harago. Plus. Honatx, maxima absolutua: Plus&Plus, gozatu gaurkoa.
Egokituko ete da mundua gure gurari horretara, behi-errape agorrezin eta fantastiko izanbehar horretara? Duda barik, zalantzazkoa da beti egin gura izatea begietara eta aditzera heldu jakun guztia. Kalte-ordain ekologiko, sozial eta kulturalak gogoan hartu barik. Zeren, norberak bere jarduna mugatu beharrik ikusten ez badau… eskasa, geroa.
Jatorra eta modernoa ei da egitea egin ahal dan guztia. Ze nezesidade?