IRITZIA
Aintzane Urkiza Perez
Atzo hilabete, ekainak 6 bete zituenean, Usansoloko Udalak maiatzaren 31n Unkina eskolak jasandako erasoei erantzunez, gaitzespen ohar bat helarazi zigun usansolotarroi: «Usansoloko Udaletik gure kezka eta gaitzespena adierazi nahi dugu gizalegearen aurkako horrelako jokabideen aurrean, eta herritar guztiei dei egiten diegu, indarkeriazko portaerarik edo bizikidetzari eragiten dioten jarduerarik ez onartzeko. Gertaera guztiak agintari eskudunari jakinarazi zaizkio, eta dagokion ikerketan laguntzen ari gara».
Ño! Ondo! Erantzun argi eta irmoa. Erantzuna hurrengo egunean emon ez bazen ere, erasoak astea bete baino lehen Udalak erantzuna eman zuen.
Hezkuntzak eta udal erakinek badute nork defendatu baina, zer gertatzen da eraso matxistak jasotzen dituzten emakumeen kasuan? Ezer! Erasoak behin eta berriz jasatera kondenatzen ditu Usansoloko Udalak.
Usansolon emakume bik eraso matxista publikoak jasan dituzte., eraso matxistak udal altzari eta hormetan. Emakumeen izenak eta datu pertsonalak udal lorontzietan eta herriko kaleetako horma ezberdinetan daude, erasoa jasan duten emakumen kontrako indarkeria betikotuz.
Pintada matxistak ezabatzeko eskaerak 2024ko urriaren 2an eta 2025eko maiatzaren 27an, bigarren emakumearen erasoaren ostean, erregistro ofizialez eskatu ziren, Udal Gobernua jakinaren gainean jarriz. Eta zein izan da Usansoloko Udalaren erantzuna? Bat ere ez! Udal altzarietako pintadak eta mehatxuak ezabatu ere ez ditu egin! Erasoak gaitzestetik urrun, erasoak betikotuz.
Non geratzen da gizalegearen kontrako kezka eta gaitzespena emakumeak erasotzen direnean? Non geratzen da indarkeriaren kontrako deia emakume bi hauek indarkeria jasaten dutenean?
Espero dut erasoak lehen baino lehen udal altzari eta hormetatik ezabatzea eta, ahal den neurrian, biktimek Udalak eskaini diezaiekeen laguntza jasotzea.