Sormene jaialdiaren jarraipen hurbila egingo du Binkek
Euskara eta kultura
BINKE / 2021eko azaroa
Sormene jaialdiaren jarraipen hurbila egingo du Binkek
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Azaroaren 16tik 21era hartuko du bigarrenez Galdakaok Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plaza. Aurtengoak bereziki transmisioa, euskara eta emakumea izango ditu ardatz eta Binkek eguneroko jarraipena egingo dio jaialdiari.
Bigarren edizioa beteko du aurten Sormene jaialdiak, azaroaren 16tik 21era bitarte. Eta aurtengoak transmisioa, euskara eta emakumea izango ditu ardatz. Horrela ba, aurtengo egitarauak hamaika tailer, emanaldi, solasaldi eta ikuskizun eskainiko ditu martitzenetik domekara: musika, dantza, antzerkia, zinema, ipuinak, bertsolaritza, komikigintza, literatura… «Euskaraz eta emakumeen eskuak nagusi direla», halaxe azaldu zuten azaroaren 2ko aurkezpenean Iñigo Hernando alkateak, Edurne Espilla Euskara zinegotziak eta Eider Eibar ilustratzaileak.
Sormenek Galdakaoko sorkuntzen plaza izan gura du beste urte batez, «egungo sortzaileak babestu, euskarazko kultur sorkuntzen kontsumoa sustatu eta, aurrera begira, sortuko dutenen eta kontsumitzaile izango direnen komunitatea ziurtatuko duena», esan zuten aurkezpenean.
Aste barruko goizetan ikastetxeentzako tailerrak eskainiko dituzte eta arratsaldeetan herritar guztientzako doako saioak eskainiko dira. Asteburuan aldiz, goiz eta arratsaldeko saioak izango dira guztiontzat gozagarri.
Iazko edizioak erakuslehio bakarra izan zuen, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia. Aurten berriz, taula gain horri beste bat gehituko zaio bariku, zapatu eta domekarako: Ardanza parkean jarriko den karpa.
Binkek eguneroko jarraipena egingo dio sorkuntzen plazari. Goizero eguneko programazioaren berri emango du bere sare sozialen bidez —Telegram, Instagram, Twitter eta Facebook bidez—, behin saioak hasita giroaren berri ere emango du bideo laburrekin eta jardunaldiaren amaieran egunak emandakoaren kronika idatzia bideotxo baten bitartez eskainiko du Binkek, horretarako webgune honetan beren-beregi sortutako atalaz baliatuz. Baina gainera, egunotan Sormenek hartuko dituen sortzaile galdakoztarrak ezagutarazten ere joango da Binke bideotxo bidez.
Jarraipen hori Iñigo Larrea, Beñat Armentia, Leire Regadas, Xabi Ealo eta Unai Sarriugarte kazetari galdakoztarrek egingo dute egunero. Dena prest beraz, azaroaren 16tik 21era, Galdakaotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Galdakaora, Sormene sorkuntzen plaza bilakatu daiten.