Emakumeak, birritan ahaztuak
Galdakao Gogora elkartea, galdakaogogora@gmail.com
BINKE / 2021eko azaroa
Emakumeak, birritan ahaztuak
TESTUA: Nagore Ferreira Zamalloa
ARGAZKIA: Andrak Dinamitan beharrean, 1940 inguruan. Maxam S.A.-k itzitako irudia.
Kultur adierazpide ugari batu dira egunotan Sormenen, Galdakaoko sorkuntzen plazan, eta euretako bat memoria izan da, emakumeen memoria hain zuzen be. Hitzordua Sormeneren azkenengo egunean izan zan, domeka arrastiz.
Agurtzane Yurrebasoren berbetan gerraostearen gogortasuna eta sufrimenduaren barri izan dogu. Bonbardaketetan amaren ahiztea eta lobea hil jakiezan, eta handik gitxira gizona. «Amak beharrera joan behar izan eban, ez egoan besterik». Bildurra gogoratzen dau Agurtzanek, bildurra eta tristurea.
Historia irabazleek idazten dabela jakina da, beti be gizonen historia. Eta emakumeena? Emakumeak, beti dira ahaztuak, birritan ahaztuak galtzaileak badira.
Euren garrantzia gitxitan aitortu arren, emakumeen beharrari esker egin ahal izan eben familiek aurrera. Argi daukie, hori bai, Agurtzanek bai bere sasoiko emakumeek bere. Batailen ganean kontakizun ugari dagoz, baina atzeguardian jazo zanaz ez. Andrak lantegietan egin eben beharraren garrantzia gitxitan nabarmentzen da, nahiz eta euren soldatei esker biziraun eben familia askok gerran eta gerraostean. Dinamitan, berbarako, Galdakaoko hainbat emakumek egin eben behar.
Lantegietan eta baserrietan gogor behar egin, eta etxekoak jagoteaz aparte, errepresinoa be ezagutu eben gure herriko hainbat andrak.
Orain urte batzuk emakumeak ardatz eukazan erakusketa antolatu eban Galdakao Gogorak, eta han erakutsi genduan Orueko txaletean eta beste kartzela batzuetan egondako Galdakaoko emakumeen izenak eta datuak. Mónica Calvo Ortíz ikertzaile galdakoztarra orduan egindako zerrendea osatuten joan da urteotan, eta 38 emakumeren izenak batu ditu. Hemen euren izen-abizenak: Juana Sagasti Ibañez, Julia Aranburu Larizgoitia, Concepción Ealo Ereño, Virginia Jauregi Emaldi, Tiburcia Atutxa Barrenetxea, Concepción Barandika Zubiaur, Felisa Bilbao Iturriaga, Teresa Jauregi Kareaga, Gloria Mota Murgoitio, Ramona Jugo Aspuru, María Teresa Urrutxua Bustillo, Antonia Aguado Picado, Juanita Elezkano Azketa, Micaela Agirregoikoa Zamakona, Manuela Egileor Uribarrena, Angeles Egirau Dañobeitia, María Yuguero Aranburu, Mercedes Larrea Aboitiz, Milagros Loroño Leiza, Francisca Nuñez Gutierrez, Justa Oiartzabal San Miguel, María Dolores Ugalde Larrinoa, Carmen Urkiza Ugalde, Luisa Urrutia Ortuzar, María Victoria Biteri Arrese-Arroita, Braulia Soloeta Etxebarria, Emilia Depardieu Beitia, Antonia Urrutia Arrieta, Sabina Perez Lekube, Maria Vila Lopez, Teresa Asua Jauregi, Dolores San Miguel Muñozguren, Rosa San Miguel Muñozguren, Luisa Martagon Sendagorta, Sebastiana Longarte Ajuriagerra, Maria Zabala Alonso, Josefa Zamalloa Villarreal eta Josefa Ereño Azkargorta.
Ez daitezela emakumeak beti ahaztuak izan, behin eta barriz ahaztuak izan.