Murrizketak izango ditu aurtengo San Silvestre lasterketak
Kirola
BINKE / 2021eko abendua
Murrizketak izango ditu aurtengo San Silvestre lasterketak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Gabonzaharretako San Silvestre lasterketan parte hartuko baduzu, jakin aparteko murrizketekin egingo dela. Hemen batu ditu Binkek, puntuz puntu, kontuan hartu beharreko guztiak.
Bueltan da Gabonzaharretako lasterketarik ezagunena Galdakaora, bere sorterririk zaharrenera. Bueltan da San Silvestre lasterketa. Baina egoera normalean egitea uste bazuten ere, Galdakao Atletismo Taldeak —lasterketaren antolatzaileak— eta Udalak euren burua murrizketekin egitera behartuta ikusi dute, ohar bidez azaldu duten bezala, «pandemiaren bilakaerak hala baldintzatuta eta osasun neurriek hala eskatuta».
Horrela ba, 14 urte arteko umeen proba bertan behera utzi dute, antolakuntzak ez baitu parte hartuko duten gaztetxoen daturik. Beraz, «edukiera eta gutxieneko neurriak ezin direnez kontrolatu, bertan behera uztea erabaki da», argitu du Udalak.
Gainontzeko kategoriak bere horretan egingo dira, bakoitza bere ordutegian, baina argibide hauek kontutan izanda:
- Herri lasterketan gehienez 300 korrikalari izango dira eta 50eko taldetan abiatuko dira.
- Lasterketa federatuetan 40 korrikalarirentzako lekua izango da.
- Korrikalariek musukoak antolakuntzak adierazitako bideoietan bota beharko dituzte galapan irten aurretik, eta helmugara iristean beste maskara bat emango zaie.
- Parte-hartzaileei ez zaie jatekorik ez edatekorik emango, baina poltsa bat jasoko dute opari.
Argibide horiekin batera, antolatzaileek ikusleei dei egin diete osasun neurriak bete ditzaten, eta Udalak jakinarazi du Udaltzaingoak ingurua zainduko duela, «jende pilaketarik egon ez dadin».