Big Road elkarte senegaldarrarekin elkarlanean hasi da Galdakao Futbol Eskola
Elkartasuna
BINKE / 2022ko urtarrila
Big Road elkarte senegaldarrarekin elkarlanean hasi da Galdakao Futbol Eskola
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakao Futbol Eskola
Senegalgo umeen eskubideen berri eman eta familia galdakoztarrak sentsibilizatzeko elkarlana hasi dute Galdakao Futbol Eskolak eta Big Road elkarte eusko-senegaldarrak.
Galdakao Futbol Eskola eta Big Road elkarte eusko-senegaldarra elkarlanean arituko dira aurten, kirolaren bidez «umeen eskubideen berdintasunaren alde». Hala kontatu dio Galdakao Futbol Eskolaren koordinatzaile den Eneko Ibarretxe galdakoztarrak Binkeri.
«Galdakao Futbol Eskolara joaten diren ume gazteen haurtzaroa eta Rufisquen (Senegal) bizi diren umeena oso desberdinak dira aukerei dagokionez», dio Ibarretxek, eta horixe bera erakutsi gura diote eskolako kirolariei. Horretarako, sentsibilizazio kanpaina abiatuko du Futbol Eskolak bere gazte eta familien artean, elkarte senegaldarrarekin batera, Senegalgo umeen egoeraren berri emanez eta kirolerako materialaren dohaintza eginda.
Baina gainera, Big Road taldea Senegalgo Afrikan Football Academy elkartearekin crowdfunding erako diru-bilketan murgilduta dago, Afrikako gazteei kirola egiteko aukera eskaintzeko. Bilketa horren zabalkundean lagunduko du Galdakao Futbol Eskolak. Bertan batutako dirua eskola eta medikuntza materialez betetako edukiontzi bat bidaltzeko ere erabiliko da.
Big Road Bilbon sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Big Road-en helburua, Senegalgo garapen komunitarioan parte hartzea da alor desberdinetako proiektuak eraikiz —hezkuntza, kirol, osasun eta sozial arlokoak—.
Galdakao Futbol Eskolarekin egindako elkarlanaren berri emateko Santa Barbara futbol-zelai galdakoztarrean elkartu ziren Eneko Ibarretxe eta Rosimeire Da Conçeicao eskolako ordezkariak batetik, eta Papa Bakary eta Alba García elkarte senegaldarreko kideak.