Osakidetzaren «kolapso» egoera salatzeko Galdakaoko anbulatorioan ere protesta
Osasuna
BINKE / 2022ko urtarrila
Osakidetzaren «kolapso» egoera salatzeko Galdakaoko anbulatorioan ere protesta egin zuten atzo
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan egindako protestei herrietako anbulatorioetan egindakoak ere gehitu zitzaizkien atzo. Galdakaokoa ere horren lekuko izan zen.
Osakidetzako Lehen Mailako Arretako zentroetako langileek elkarretaratzea egin dute eguen honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan, «kolapso» egoeragatik protesta egiteko. Sindikatuek, berriz, urtarrilaren 23ko manifestazioetan parte hartzeko deia egin diete Osakidetzako langileei eta herritarrei, «euskal gizarteak behar duen osasun-sistema indartzeko».
Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta herritar ugarik babestuta, ez bakarrik hiriburuetan, langileak beren osasun-zentroen aurrean mobilizatu dira. Horren adibide izan zen Galdakaoko anbulatorioa ere.
Dozenaka lagun batu ziren atzo 13:00ean osasun-zentroaren atarian. Osasungintzako langileez gain, zenbait herritarrek babestu zuten kontzentrazioa. Baina guztien artean bereziki, aipatzekoa Pentsiodunak Martxan plataformako herritarrek osasun-langileak babesteko izan zuten presentzia.