«Bidea mimoz eta puntu duinez jostea», Nerea Urgoiti
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2022ko urtarrila
Bidea mimoz eta puntu duinez jostea
Hor daude gaur ere neguko eguzki izpien epeletan goxo-goxo. Heldu da lehenengoa tipi-tapa takataka bultzatuz. Bigarrena han dator astiro-astiro esku batean muleta eta bestean katxaba dakartzala, asimetriko bezain elegante. Eta apurka-apurka euren txokoa betetzen joan da, takatakak nonahi, muletak zeinahi. Badator zazpigarrena ere, berandu eta bizi-bizi, parkera sarrerako kurba zuzen hartuz, abiadura mugak gaindituz. Gidariak, egunotan bilobatzat bataiatu duzunak, erlojua begiratu, musu eman eta «ordubete barru nator» esan omen dio. Imajinatu duzu ordubete horretan zenbat gauza egin behar dituen, zenbat errekadu eta buruhauste.
Kostata heldu dira izkina hontara baina beraien irribarreek merezi izan duela oihukatzen dizute. Eta azken egunotako ohitura jarraituz, horrela pasa dituzu hamar minutu, edo hogei, begira-begira, isil-isilik. Begiratze hutsak bakea eragiten dizu, lasaitasuna.
Begirada leihotik urrundu eta altzoan egin bidean dagoen bufanda ikusten duzu, haserre. Konfinamenduko laugarren eguna da, nazkatuta zaude, itota. Amak «gantxillo» egiten erakutsi dizu baina bufanda amaitzear zegoenean erdiko puntuetan akats bat ikusi eta dena soltatu dizu, berriro «ondo» egiteko. Eta haserretu zara amarekin ere, zuk amaitu nahi zenuelako, ahalik eta arinen amaitu, emaitza baino ez. Nork erreparatzen dio bidea ondo egiteari presaka bizi den gizarte honetan? Inditex delako munstroaren denda batera zoaz, miseria bat ordaindu eta hor daukazu emaitza, instant batean. Nire miresmen osoa sortzaile eta artisau orori, bidea mimoz eta puntu duinez josten duzuenoi, alegia.