Jon Atxutegi eta Josu Grandibal, Geltokia Erdigunean plataformako kideak
BINKE / 2025eko iraila
«Bat egiten duen herriak beti lortuko du oztopo guztien gainetik aurrera egitea»
· Josu Grandibal Maguregi
1978, Usansolo
Gizarteratzea eta Animazio Soziokultural eta Turistikoa ikasi zuen eta gizarte-erakunde bateko koordinatzailea da lanpostuz. Geltokia Erdigunean plataformako kidea da ere, eta bozeramaileetako bat.
· Jon Atxutegi Gutierrez
1980, Usansolo
Zuzenbidea ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zuzenbide irakaslea eta ikertzailea da lanpostuz. Geltokia Erdigunean plataformako kidea da ere, eta bozeramaileetako bat.
Metroaren 5. linearen proiektua martxan jarri zenetik, usansolotarrak kontra agertu dira, gaur egun erdigunean duten tren geltokia kenduko dutelako. Honek «usansolotarren bizi kalitatean» eragingo duela salatu dute eta erdigunean geltoki bat ezartzea aldarrikatzen dute. Helburu honekin sortu zen Geltokia Erdigunean plataforma, hainbat mobilizazio deitu dituenak azken hilabeteetan. Urriaren 5ean aldiz, herri galdeketa antolatuko dute usansolotarren iritzia ezagutzeko. Kontsultaren atarian, Jon Atxutegi eta Josu Grandibal plataformako kideekin hitz egin dugu, usansolotarren aldarrikapenei buruz gehiago ezagutzeko.
Noiz eta zein helbururekin sortu zen plataforma? Plataforma 2024ko apirilean sortu zen. Orduan ebatzi zituen ETS-k gure errekurtsoak eta, ezezko erantzunaren aurrean, erdiguneko geltokia aldarrikatzeko eta herri osoak bat egiteko ordua zela ulertu genuen. Alderdi politikoetatik haratagoko plataforma bat, usansolotar guztien partaidetzara irekia zena.
Zergatik da garrantzitsua usansolotarrentzat geltokia herriko erdigunean izatea? Martxan dagoen proiektuaren ondorioz betidaniko tren geltokia kenduko digute, hor ez dago zer esanik: trenaren ibilbide berria ez da bateragarria izango egungo Usansoloko tren geltokiarekin. Eta kontua da, zerbitzu galera horrek zuzenean eragiten diola Usansoloko mugikortasun kalitateari. Adibide argi batekin: orain 17 minutu ditugu Bilbora eta, gero, 30 minututik gora izango ditugu. Denbora bikoiztu egiten zaigu. Eta hori ekidin dezakeen irtenbide bakarra Usansolo erdiguneko geltoki bat jartzea da. Ospitaleak bere geltokia behar du, hori ukaezina da, usansolotar guztiok ezagun dugu zein den bertara joateko eguneroko afluentzia —eta horrek sortzen dituen arazoak—, baina 300 miliotik gorako proiektu batek ezin dezake herri bat tren geltokirik gabe utzi, eta oraindik gutxiago, trena jada baduenean. Berez, bi geltoki jarri behar badira ba hala egin beharko da. Garraio publikoa hobetu egin behar da, ez kaltetu, eta une honetan, Usansolori dagokionez behintzat, kaltea nabaria da, eta are gehiago, herri horrek betidanik tren geltokia izan duenean eta bertako biztanleek gehien erabiltzen duten garraiobidea denean.
Metroaren 5. linearen proiektuan ordea, ez da aukera hori barneratu. Zeintzuk dira arduradunek horretarako emandako arrazoiak? Arrazoiak ekonomikoak dira oro har. Izan ere, ETS-k berak SENER enpresari eskatutako ikerketa-txostenak argi adierazten du Usansolo erdigunerako geltoki bat teknikoki bideragarria dela. Aukera garestiagoa da, baina mugikortasun kalitatea ez galtzeko bide bakarra ere. Alderdi politikoekin izandako bileretan ere, argi adierazi digute arduradunek geltokia jartzea posible dela, baina ez dutela aurreikusi nahi. Borondate politiko kontua da, ez dago besterik.

Zein alternatiba eskaini dituzte erdiguneko geltokiaren ordez?Une honetan bi aukera jarri dizkigute mahai gainean erdiguneko geltokiaren ordez. Batetik, ospitaleko geltokirako lanzadera zerbitzu bat, eta bestetik, 500 metrotik gorako tunel bat ospitaleko geltokira. Lehena ez da bideragarria inondik inora. Usansolo ezagutzen duen edonork argi du 8 minuturo ezin dugula autobus bat izan herri erdigunetik. Gainera aukera horrek mugikortasun denboretan 10 minutu gehitzen ditu —lanzaderak irauten duen bitartean noski, batek daki bihar etsian zerbitzua kendu edo gutxituko duten bideragarria ez den aitzakiapean—. Eta bigarrena erabateko zentzugabekeria da. Luzeera horretako tunelik ez dago Bizkaia osoan. Izatez, Bilboko Zazpikaleetako Unamunoko metro tunelak 220 metro inguru ditu. Pentsa, tunel hori bikoizten duen tunel bat gurutzatzea…
Usansolotarrak alternatiba hauen kontra agertu dira, ezta? Orain arteko ekimenetan hala sentitu dugu, baina hori da ere urriaren 5eko kontsultaren helburua: hiru aukeren artean usansolotarren benetako borondatea zein den ezagutzea.
Plataformatik alderdi politikoekin hitz egin duzue gaiari konponbidea bilatzeko. Zein izan da bakoitzaren erantzuna Zorionez herriko hiru alderdi politikoek —Usansolo Herriak, Usansoloko EAJ/PNVk eta EH Bildu Usansolok— bat egin dute plataformaren aldarrikapenarekin eta usansolotarren sentipenarekin. Usansoloko osoko bilkuran aho-batez onartzen dira erdiguneko geltoki baten aldeko mozioak. Kontsulta bera ere, hiru alderdiek babesten dutela aho-batez onartu zen uztailean. Herria osoa batuta dago eta hori eskertu beharra dago. Beste kontu bat da udalerritik haratagoko esparruetan izan dugun erantzuna. Bai Bizkaia eta bai Euskadi mailan alderdi guztiek ez dute hain aldekoa den posizio bat Usansolo erdigunerako geltoki batekiko, baina hori ere aldatuko dugu, ziur izan.

Eta Euskal Trenbide Sarearena? Hori beste kontu bat da… Haiekin izandako bilerak ez dira atseginenak izan eta nolabait enrokatuta daude. Proiektu jakin bat dute buruan eta ez dirudi berau aldatzeko gogotsu daudenik; ez dute herriaren iritzia entzun nahi. Haien aburuz Usansoloko egungo biztanleria kopuruak ez du geltoki batek beharko zukeen gutxieneko ‘erabilera’ ziurtatzen, eta beraz, ez dute geltokirik aurreikusteko asmorik. Halaber, Aperribaiko kasuan irizpidea beste bat da eta Usansolok baino 2200 biztanle gutxiago izan arren, tren-geltoki bat izango du. Gu Aperribaiko auzokideez poztez gara, garraio publikorako sarbidea toki guztietan eta kalitatez eskaini behar delako, baina usansolotarrak diskriminatuta sentitzen gara eta kontsiderazio bera eskatzen dugu
Negatiba guzti hauen aurrean, hainbat mobilizazio egin dituzue, haien artean sinadura bilketa. Non aurkeztu dituzue eta zein da egoera gaur egun? Orain arteko sinadurak Bizkaia eta Euskadi mailako alderdi politiko guztiei aurkeztu dizkiegu, bai bilera pribatuetan, bai Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean izandako mintzaldietan. Guztiek dute argi zein den egoera eta Usansolo ez dela bere horretan geldirik geratuko.
Orain pauso bat gehiago eman duzue eta herri galdeketa antolatu duzue urriaren 5erako. Zein da honen helburua Herriaren borondatea argi eta garbi erakustea eta mahai gainean dauden hiru aukeren artean usansolotarrek modu askean erabakitzea. Azken finean informazio asko helarazi digute (hori da hein handi baten haien estrategia) eta bada ordua Usansolok hain zuzen eragiten dion proiektu baten gainean demokratikoki erabakitzeko. Epe laburrera gure mugikortasuna zuzenean eraldatuko duen proiektu bat martxan dago baina guk ez dugu zer esanik izan orain arte. Eta hori aldatu beharra dago.
Zein baldintza bete beharko dira kontsultan parte hartzeko? Bi betekizun daude kontsultan parte hartu ahal izateko. Batetik, usansolotar izan beharko da. Horretarako nortasun agirian Usansoloko helbidea izan beharko du bozkatzaileak. Eta hala ez den kasuetarako (oraindik eguneratu ez duelako dokumentazioa), beharrezkoa izango da errolda agiria aurkeztea. Horretarako Txapelenan eskaera egin baino ez dute. Baina esandakoa, usansolotarren gehiengoak nahikoa izango du nortasun agiria erakustearekin. Bestetik, adina. Badakigu usansolotar guztiek nahiko luketela kontsultan parte hartu, baina gutxienez 16 urte izan beharko dira urriaren 5ean. Hori, nortasun agiriaren bidez ere egiaztatuko da.

Galdeketa ez da loteslea izango baina berme guztiak izango dituela adierazi duzue. Zer esan nahi du horrek? Ez da Usansolon antolatzen den lehenengo herri kontsulta, eta jakin badakigu emaitza baliozko izateko zenbait betekizun kontuan izan behar direla. Ez dira ohiko hauteskunde batzuk izango, baina ia-ia. Gainera, hauteskundeetan bezala kanpo ikuskariak ere izango ditugu. Bizkaia mailako alderdi politiko guztiekin gaude harremanetan eta, jada, haietako batzuk haien presentzia bermatu digute. Prozesuan interesa dute eta hori ere positiboki ulertu beharra dago.
Kontsultaren emaitza baiezkoa bada, zein izango da hurrengo pausoa? Nolabait ibilbide politikoari berriz ere ekitea. Kontsultaren ostean alderdi politikoek erabaki beharko dute: men egin lortutako emaitzari edo proiektu bat inposatu. Uler genezake dimentsio hain handiko proiektu batek ezin duela herri guztien feedback-a jaso martxan jartzeko, baina Usansoloren kasua berezia da, atzera pausu bat emateko arriskua dugulako mugikortasunari dagokionez. Eusko Legebiltzarreko mugikortasun komisioan parte hartu genuenean lanean eta negoziazioan jarraitzeko eskatu ziguten, eta hala egingo dugu, baina politikariek ere kontsultaren emaitzak ikusita lan egin beharko dute.
Eta emaitza aldiz, ezezkoa bada? Orain arteko herriaren sentipena ikusita arraroa litzateke erdiguneko geltokia ez den beste emaitza bat lortzea, baina hala balitz, plataformak helburua betekotzat joko luke baita ere. Une honetan Usansolon gatazka bat dago eta beharrezkoa da berau ebazteko herriaren nahia zein den ezagutzea. Halako proiektu baten erabakia herriari dagokio, hori da gure aldarrikapena. Kontsulta, beraz, beti izango da onuragarria, emaitza edozein izanda ere.
Zuek geltokia erdigunean izateko borrokatzen jarraitzen duzuen arren, hasi dira honezkero Metroaren obrak. Hemen badira argitu beharreko hainbat puntu. Obrak hasi dira, bai, baina ez Usansoloko geltokiari propioki eragiten dietenak. Metroko 5. Lineako proiektuak hainbat fase ditu, eta unean hiru daude diseinatuta eta martxan: Basauri-Aperribai, Aperribai-Galdakao eta Galdakao-Usansoloko Ospitalea. Baina bada beste fase bat, laugarrena eta azkena: Usansoloko ospitalea eta Bedia lotuko dituena. Berez, proiektuaren tramo honek kentzen du Usansoloko egungo geltokia, zuzenean, herri erdigunean gelditu gabe, ospitalea eta Bedia lotzean dituelako. Usansolotik igaroko da, herri osoa azpitik zulatuko dute, baina proiektuan ez dago aurreikusita geltoki gehigarririk. Fase hau, oraindik, diseinatzen daude. Izatez, maiatzerako egon behar bazuen ere, azkenean abendura arte atzeratu dute bere aurkezpena. Horregatik da ezinbestekoa kontsultaren emaitza. Garaiz gaude proiektua aldatzeko eta Usansolo Erdigunerako geltoki bat lortzeko. Basaurik ere hainbat aldaketa gehitzea lortu izan dute, obrak eta kamioiak ikusteak ez gaitu koldartu behar. Proiektua aldagarria da, eta usansolotarren borondatea argia bada, goiko instantziek aldatu egin beharko dute.
Kamioiak herri erditik eta eskola aurretik igarotzen ari zirela salatu zenuten. Horrela izaten jarraitzen du? Nahiz eta ETS-k aurreikuspen falta osoz jardun izan duen obrak hasteko unean eta ez dituen kontuan izan herriari eta txikienei eragindako kalteak, usansolotarrei eta Udalari esker beste ibilbide bat irekitzea lortu da, eskolaren atzealdetik.
Aldarrikapen guzti hauetan usansolotarren babesa jaso duzue. Zergatik da garrantzitsua herria bera mobilizatzea? Usansolok esperientzia dauka honetan. Badakigu bat egin duen herriak beti lortuko duela oztopo guztien gainetik aurrera egitea. Eta hori da oraingoan ere egin beharrekoa: ezezkoa baiezko bihurtu. Ez da erraza ez arina izango, baina urriaren 5ean Usansolo osoak bat egiten badu, eta partaidetza erabateko bada, gure borondatea beste behin argi eta garbi adieraziko dugu eta horrek ondorioak sortu beharko ditu. •
