Eduardo Bizkarrak Espainiako okinen 2021eko izarra jaso zuen
Sariak
BINKE / 2022ko urtarrila
Eduardo Bizkarrak Espainiako okinen 2021eko izarra jaso zuen
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Bizkarra.com
Eduardo Bizkarra usansolotarrak «Ruta española del buen pan» ibilbideko izarra jaso zuen Valentzian, espainiar estatuko beste 79 okinekin batera.
Azaroaren 8an, Gastrónoma Valencia, Panàtics eta Pan de Calidad azokaren esparruan, Dir-Informatika izarrak eman zizkieten «Ruta española del buen pan» osatzen duten top okinei. Sari hauek ezagutzen ez dituenarentzat, izar hauek sukaldaritzako Michelin izarren antzeko ekimena da, ogi onaren kultura sustatu eta honen inguruko profesionalen lana saritzeko sortua.
Aukeraketa egiteko, 17 ibilbide autonomiko antolatu dira guztira espainiar estatu osotik. Horietako bakoitzean, epaimahai profesional batek itsu-itsuan ebaluatu ditu aurkeztutako ogiak. Hilabeteetako lanaren, egindako kilometroen eta establezimenduetara egindako bisita anonimoen ondoren, azkenean 80 profesional aukeratu dira.
Aukeratutako izar guztien artean zortzi Euskal Herrikoak dira, eta horietariko bat Eduardo Bizkarra usansolotarrari eman zioten, Bizkarra okindegietan egiten duen lanagatik.
Bizkarra anaiek euren blogean halaxe adierazi dute euren poza: «Ogi onaren zale amorratuak bezala, pozgarria da ibilbideko ogien barietatea eta kalitatea ikustea. Okin gisa, ilusio handia da aintzatespen hori jasotzea, maila profesional ona baliarazten baitu, eta hori oso beharrezkoa da».
Zorionak, ekipo!