«Amorrutik haratago», Sabin Arce
Iritzia
Sabin Arce González
BINKE / 2022ko urtarrila
Amorrutik haratago
Badira hilak berriak amorruz hartzen ditudala. Edozein egunkari edo telebista saioren aurrean bekainak iluntzen zaizkit munduaren itxura ikusita. Lan mundua gero eta krudelago eta eskubideak gero eta hertsiago. Kaka zaharra. Etorkizuna bezain goibel daukat aurpegia.
Beste eraso matxista bat, beste behin Infojobs eta Idealista begira, beste etxegabetze bat, beste kamera bat zentroan, berriro argindarraren prezioa gora, beste langile erail bat, beste kriminalizazio kanpaina bat, gasolinaren beste gorakada bat, beste lagun langabe bat, beste promes antzu bat, berriro errealitate temati eta nazkante berdina.
Baina ez dezatela arbolek basoa ezkutatu; guzti honek kapital metaketari erantzuten dio, amaitezina dirudien akumulazioari. Bizi dugun krisi garai honetan proletariotzaren pobretzea geroz eta larriagoa da, eta ekonomikoaz gain, pobretze politikoa ere areagotzen ari da, gure interesen defentsek gero eta indar eta ganora gutxiago izanik. Eskudirua faltan ezin diegu erreguz politikariei salbazioa eskatu, hamaika aldiz egin bezala bertan behera utziko gaituztela badakigulako.
Nik kopeta argitu nahiko nuke. Nire maitatuen etorkizunaren lemazain diren indar horien desagerpena itxaroten nabil, zerura begiratzen duen nekazariaren plantan. Baina errealitate berri batekin amesteaz ase nago jada, hau eraikitzeko momentua heldu zaigu. Burgesiaren erasoaldi ekonomiko eta politikoaren aurka agertzeko garaia da. Gure kabuz antolatzeko beharrak bultzatuta, urtarrilaren 29an manifestazioa deituta dago Bilbon, 18:00etan Jesusen Bihotza plazatik.