«Bidegorria Galdakaora orain» exijitzeko laugarren martxa antolatu dute
Mugikortasuna
BINKE / 2022ko urtarrila
«Bidegorria Galdakaora orain» exijitzeko laugarren martxa antolatu dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Biziz Bizi taldea
Galdakao eta Bilbo lotuko dituen bidegorria exijitzeko ekimenaren laugarren edizioa antolatu du zapatu honetarako Biziz Bizi taldeak, Bilbotik Galdakaora.
Bizkai «ziklistagoa» egiteko eta erakundeek «agindutakoa betetzea» eskatuko dute laugarrenez datorren zapatuan, urtarrilak 29. Urteko lehenengo bizikleta-martxa izango da hau eta, beste behin, Biziz Bizi ekimenak antolatu du.
Bilbo eta Galdakao batuko dituen bidegorri bat «Nerbioi eta Ibaizabaletik premiazkoa» dela oihukatzeko ibilbidea Bilbon hasiko da zapatuan, 11:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren parean, hiriko kale nagusian.
Oraingoan baina, aurrekoetan ez bezala, ibilbidea pitin bat aldatuko dute, Etxebarritik eta Basauritik ere igaro daiten. Horrela ba, Bilbon 11:00etan hasi, Basauritik pasa eta Etxebarri igaro ostean 12:30 aldera iritsiko da martxa Kurtzeko plaza galdakoztarrera, herritik berriro hiriburura buelta egin eta Bilbora 14:00etan iristeko.
Galdakao eta Bilbo batuko dituen bidegorri baten plana 2003tik dagoela salatu dute antolatzaileek, eta 19 urteren ostean ezer egin ez denez, bizikleta martxa hauek hilabetero antolatuko dituzte azken zapatuetan.