Nagore de la Torrek Bizkaiko Merkataritzaren Saria jaso du

Argazkia: Cecobi.

Cecobik, Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak, 2025eko Bizkaiko merkataritzako sariak banatu zituen urriaren 24an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan Nagore de la Torre usansolotarraren Ene Gertu komertzio saritu zuten, ‘Made In Bizkaia’ kategorian.

Bilboko Euskalduna Jauregiak CECOBI 2025 Bizkaiko Merkataritza Sarien banaketa-ekitaldia hartu zuen urriaren 24an. Guztira tokiko bost sari eta beste lau berezi banatu zituzten hitzorduan.

Sarituetako bat Nagore de la Torre usansolotarraren Ene Gertu komertzioa izan zen, ‘Made In Bizkaia’ kategorian. Gazteak bere tailer-denda propioa du Usansolon eta berak egindako arropa, apaingarriak eta bitxiak saltzen ditu.

«Ahal den guztia hemen egiten da, nik baititut beharrezko makina eta erreminta guztiak. Gainera, erosten ditudan materialak ahalik eta arduratsuenak izateari ematen diot garrantzia beti, bai pertsonen zein planetaren aldetik», azaldu zuen De la Torrek BINKEri eskainitako elkarrizketan.

Sarien banaketa-ekitaldian Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak parte hartu zuen, eta sarituak zoriondu zituen.

Halaber, «gure merkataritza bizirik dago, eta halako ekitaldiak horren erakusle dira. Eraldaketa-prozesu betean gaude, baina merkataritzak aurrera jarraitzen du eta hala izan dadin laguntzen jarraituko dugula» azpimarratu zuen.