Mohamed El-bachirren heriotzaren aurrean adierazpena egin du Galdakaoko Udalak
Ezbeharra
BINKE / 2022ko urtarrila
Mohamed El-bachirren heriotzaren aurrean adierazpena egin du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Mohamed El-bachir 17 urteko gaztearen heriotzaren aurrean Udalak, bere samina eta elkartasuna adierazteaz gain, bere laguntza eskaini zuela eta bere «eskumenetan dagoen guztia» egingo duela iragarri du alderdi gehienek sinatutako adierazpen honen bidez.
Urtarrilaren 19an, eguaztenez, Ibaizabal ibaian 17 urteko Mohamed El-bachir gazte argeliarra hil zen eta horren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hiru egun geroago, hilaren 22an.
Heriotz horrek oihartzuna izan zuen inguruko eta baita Espainiako hedabideetan ere, eta El Correo egunkariak argitaratu zuenaren eraginez «lapurretan ihesi» zioala nabarmendu zuten medio askok, baita Binkek ere —doala aurretik hedabide honen barkamena uste horretan erortzeagatik—.
Heriotz eta osteko oihartzun horren aurrean, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Arratiako Harrera Sareak Binkek beheko albiste honetan batu zuen manifestua irakurri zuten, baita urtarrilaren 27rako kontzentrazioa deitu ere.
Orain Galdakaoko Udala izan da honen aurrean bere ikuspuntua eman duena, adierazpen bateratu baten bitartez. Bertan, Udalean ordezkatuta dauden alderdi gehienek —PSE-EEk eta atxiki gabeko zinegotziak izan ezik— ondoko manifestua sinatu dute, hitzez hitz:
Mohamed El-Bachirrek Galdakaon galdu du bizia. Udal honek bere samina adierazi nahi du gertakari horrengatik. Era berean, elkartasuna adierazi nahi die bere senide zein lagunei.
Argeliar jatorria zuen 17 urteko gazte hau, adin txikikoa izanik, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoen. Baina Udalaren eskumenekoa izan ez arren, Mohamed Galdakon egoiliar izan eta Galdakaon agertu zen hila urtarrilaren 18an. Hori dela eta Udala harremanetan jarri zen Bizkaiko Foru Aldundiarekin zein Ertzaintzarekin, informazioa eskatu eta beharrezkoa bazen gure laguntza eskainiz.
Gertakari honek ikerketapean jarraitzen du, eta hortaz, ez dago horren gainean informazio ofizialik jasotzerik, ezta Udalak ere.
Guzti honegatik, Udal honek, EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria, Podemos eta EAJren babesarekin, argi adierazi nahi du:
Gure herrian bizi diren guztiak, beren jatorria edozein dela, Galdakaoko herritarrak direla eta errugabetasun-presuntzioa guztion eskubidea dela.
Udal honen eskumenetan dagoen guztia egingo dugula horien beharrak eta eskubideak bermatzeko.