Elexalde institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren Usansoloko zortzi ikasle eskola-autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute. Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarritakoa da eta honek arazoa «laster» konponduko dela adierazi du. Gurasoekin hitz egin du BINKEk, ikasleen egoera hobeto ezagutzeko.
Ikasturte honetan Elexalde institutuko DBHko 4. mailako zortzi ikasle institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute. Ikasle guztiak Usansolokoak dira eta institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi dira.
«Ikasturte hasieran harriduraz jaso genuen albistea. Esan ziguten ez zeudela eserleku nahiko ikasle guztientzat eta Eusko Jaurlaritzaren irizpidea dela norbait zerbitzu barik gelditzekotan, DBH 4. mailako ikasleak direla lehenengoak, 4 kilometro baino gutxiagora bizi direnak», azaldu diote gurasoek BINKEri.
Ordutik, ikasle eta gurasoak Elexaldeko zuzendaritzarekin hitz egiten hasi ziren, honen bitartez Jaurlaritzari konponbide bat eskatzeko: «Guk salatu genuen Jaurlaritzak kilometroak neurtzeko erabilitako bidea ez dela egokiena institutura oinez joateko —ikasleek egindako bideoan irudikatzen den moduan—, baina esan ziguten bide horretatik ez genuela ezer lortuko Jaurlaritzaren aldetik».
«Jaurlaritzak dio ikasleek garraio publikoa erabili ahal dutela institutura joateko, eta gu alde hori aztertzen hasi gara. Garraio publikoa institutuko ordutegiekin eta ikasle bakoitzarekin bateragarria den ikertzen ari gara, horrela ez bada, Jaurlaritzari erantzun bat exijitzeko», adierazi dute gurasoek.
Gaur egungo egoera
Eusko Jaurlaritzak atzo bertan eman zion erantzun bat institutuko zuzendaritzari. Iñaki Orbe Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Bizkaiko lurralde ordezkariak Elexaldera deitu zuen eta adierazi zuen «Usansoloko ikasle guztiek 2025-2026 ikasturtean eskola-autobusa erabiltzeko aukera izango dutela».
«Ez digu data zehatzik eman, baina laster izango dela adierazi digu, aldaketa hori egiteko behar den administrazio-denboran zehazki», azaldu dute institutuaren zuzendaritzatik.
Konponbidea heltzen den bitartean, gurasoek kotxez eramaten dituzte ikasleak Elexaldera, eta azken hauek mobilizazioak egiten jarraitzen dute. Alternatiba moduan autobus-zerbitzua beste ikasle batzuekin txandakatzea proposatu zioten gazteek zuzendaritzari, «ikasle eta guraso gehiago inplikatzeko borrokan». Zuzendaritzak ordea, «nahaste handiegia» izango litzatekeela nabarmendu zuen.




