Elkartasuna Mugarik Gabe nazioarteko musika jaialdia hartuko du Galdakaok

Irudiak: Irati Alonso García

Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Galeseko, Italiako eta Euskal Herriko musikariak batuko ditu Galdakaon Elkartasuna Mugarik Gabe nazioarteko jaialdiak. Barikuan, azaroak 28, doako kontzertua eskainiko dute Torrezabal Kultur Etxean.

Euskal Herriko eta Kurdistango musikariak batu ziren iaz Mugarik Gabe proiektuaren baitan, kulturen arteko elkar trukea egin eta musika sortzeko helburuz.

Aurten proiektuarekin jarraituko dute antolatzaileek —Suargi Elkarteak eta Zutarri Kultura Elkarteak— eta bigarren edizio honetan herrialde ezberdinetako artistak batuko dituzte berriro Euskal Herrian.

Zehazki, Palestinako, Irlandako, Galeseko, Kurdistango, Kolonbiako eta Euskal Herriko 18 artista batuko dira oraingoan, eta elkarrekin biziko dira egun batzuetan zehar. «Erresidentzia egingo dute elkar ezagutu eta herrien arteko elkar truke aberasgarria egiteko asmoz», azaldu du Orsola Casagrande antolatzaileak gaur, Galdakaon egindako aurkezpenean.

Izan ere, elkarrekin bizitzeaz gain, artistek emanaldiak eskainiko dituzte zenbait herritan, tartean Galdakaon. Azaroaren 28an arituko dira Torrezabal Kultur Etxean —sarrera doakoa da baina gonbidapenak eskuratu behar dira ohiko kanaletatik— eta talde hauek parte hartuko dute 20:30ean hasiko den saioan: Roisin El Cheri-Nora Casey (Palestina-Irlanda), James Kennedy (Gales), Seyidan Sevinç-Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria), Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan), Azibar Terreros-Billy Espinaco (Euskal Herria) eta Huartan (Irlanda).

Halaber, solasaldia eskainiko dute nazioarteko artistek abenduaren 1ean Bengoetxeko institutuko ikasleekin, «haien errealitateak ezagutzera emateko asmoz».

«Guretzat ohore bat da Galdakao izatea jaialdi hau hartuko duen herrietako bat. Gure herriak elkartasuna aurkeztu du askotan eta hau beste adibide bat da. Antolakuntzari eskertu nahi diot egindako lan guztiarengatik eta baita artistei ere», adierazi du Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziak.

«Palestinako artistak aipatu nahi ditut bereziki. Gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu herri palestinarrari. Sufritzen ari diren genozidioa bukatu behar da», nabarmendu du.

Elkartzen duen proiektua

Mugarik Gabe proiektua artista eta boluntari talde baten eskutik sortu zen. «Hasieratik helburua soinu ezberdinak aztertzea zen eta baita hizkuntza ezberdinak uztartzea, kasu askotan gutxituak direnak», azaldu du Casagrandek proiektuaren jaiotzaren inguruan.

«Gure eszenatokia kutsatuta dago, pobreziaz beteta dago, gerraz beteta dago, eta guk gure tresnak erabili behar ditugu honen aurrean. Elkartzea da jaialdiaren oinarria», azpimarratu du Roberto Awanari artistak, proiektuaren kideetako batek.

Galdakaoko saioaz gain, Artean eta Bermeon ere eskainiko dituzte emanaldiak jaialdi honetan parte hartuko duten artistek, eta pasa den urteko esperientziaren inguruko dokumentala aurkeztuko dute antolatzaileek Durangoko Azokan.

Hemen Amets Iturberen eta Roberto Anawariren hitzak Galdakaoko saioaren inguruan:

situs togel

situs toto