Gaur eguerdian BINKEk argitaratu duen Zopilotes Txirriaos taldearen inguruko albistea lekuz kanpo egon da, eta argitaratuta minutu gutxi batzuk baino ez baditu egin ere, komunikabide honek barkamena eskatu nahi die taldeari eta UJABAri ere.
Hamaika eduki argitaratu ditu BINKEk bere ia hamar urteko ibilbidean Usansolori eta usansolotarrei buruz. Pasa berri diren San Andresak ez dira gutxiagorako izan, eta hainbat edukiren artean, astelehen eguerdian Zopilotes Txirriaos taldeak eskaini zuen kontzertua aipatu gura izan du komunikabide honek bere kanal digitaletan. Ordea, lekuz kanpoko albistea izan da, asmo txarrik gabekoa baina aipatutako taldearen ironia ulertu gabe argitaratutakoa.
Zopilotes Txirriaos taldea ezaguna da, mexikar doinu dantzagarriak sortzearekin batera, bere zuzeneko ikuskizunetako tono zirikatzaileagatik. Zapatuko ikuskizuna Unkina plazan ez zen gutxiagorako izan, eta Usansolo «tierra problemática» bezala aitortuz hasi zuen taldeak kontzertua. Beste hitzarteetako batean, abeslariak hauxe esan zuen: «Urte piloa dira ez genuela hemen jotzen, Galdakaon».
Aipatutako bi adierazpenak Galdakaoko Albistegia atari digitalak argitaratu zuen bideotik batu ditu BINKEk, egiari zor, ironia ulertu gabe eta kontzertuko antolatzailearekin —Usansoloko Jai Batzordearekin— hitz egin gabe. Giza akatsa. Komunikabide honen asmoa, hain justu, kontrakoa zen, zeharkako salaketa bat egitea.
Horregatik, komunikabide honek barkamena eskatu nahi die bai Zopilotes Txirriaos taldeari zein UJABAri ere, eta argitu BINKEk une batean ere ez duela asmo txarrik izan «Zopilotes Txirriaos taldeak Usansolo Galdakaotzat hartu» zuela argitaratu duenean. Albistea webgunean eta sare sozialetan argitaratu eta minutu gutxira ezabatu da.
Bide batez, komunikabide honek argi utzi nahi du Usansoloren eta usansolotarren albiste zein bestelako edukiak sustatzen jarraituko duela. Eta gogorarazi du —Usansolo udalerri izan edo izan aurretik ere— BINKE dela bere sorreratik, 2016ko urtarriletik, Usansolo herri bezala izenez eta izanez aitortu duen komunikabide bakarra. Hala izaten jarraituko du, plazer handiz.




