Gabonetako jaiotzen zale amorratua da Urtzi Otaegi galdakoztarra. Iaz, 12 urterekin, Bizkaiko Belenisten Elkarteak urtero antolatu ohi duen lehiaketa irabazi zuen. Berarekin hitz egin du BINKEk zaletasun bitxi horren inguruan.
Txikitan hasi zen Urtzi Otaegi galdakoztarra Gabonetako jaiotzak egiten, aitite eta amamaren etxean. Hamaika egin ditu ordutik eta piezak eskuz sortzea gustatzen zaizkio. Iaz, 12 urterekin, Bizkaiko Belenisten Elkarteak urtero antolatu ohi duen lehiaketa irabazi zuen. Gaztetxoarekin hitz egin dugu, zaletasun bitxi honen inguruan gehiago ezagutzeko asmoz.
Noiz hasi zinen Gabonetako jaiotzak egiten? Nire aitite eta amamaren etxean hasi nintzen, txikia nintzenean. Gabonetako jaiotza txiki bat jartzen zuten eta ni atzetik joaten nintzen pieza guztiak mugitzen.
Ordutik hainbat Gabonetako jaiotza egin dituzu. Zuk egiten dituzu piezak edo erosten dituzu? Nik sortzen ditut.Asko gustatzen zait gauzak sortzea. Txikitan buztinarekin eta kartoiarekin egiten nituen belenak eta orain kortsoa eta 3D impresora erabiltzen ditut. Hala ere, oporretan noanean asko gustatzen zait ere noan lekuan figuraren bat erostea. Halaber, senide eta lagunek pieza berriak oparitzen dizkidate.
Zein da Gabonetako jaiotzaren zatirik politena zuretzat? Nire zatirik gustokoena jaiotza bera da.


Zer izan behar du bai ala bai belen polit batek? Nire ustez, belen polit batek bai ala bai ura, argia… izan behar ditu.
Bizkaiko belenen saria irabazi zenuen pasa den urtean. Zelan hartu zenuen saria? Ba oso gustora hartu nuen saria. Elkarteko guztiek oso ondo tratatu ninduten, oso jatorrak dira denak.
Lehiaketa horretan jaiotza eder asko ikusi zenituen, seguru. Baina, non ikusi duzu zure bizitzako Gabonetako jaiotzarik politena? Ez dakit esaten politena zein izan den. Oso politak daude estatu mailan eta Napolitanoak ere oso bitxiak dira, baina asko gustatu zait aurtengo Bizkaiko elkartearen erakusketa.
Galdakaon ere oso jaiotza harrigarriak ikusteko aukera genuen iaz arte, Txomin Bustinzaren eskutik. Zer iruditzen zitzaizkizun haren obrak? Txomin Bustinzaren obrak harrigarriak ziren, oso gustoko nuen Bizkaiko baserriekin egiten zituen lanak. •





