Laugarren liburua argitaratuko du Jon Azkueta idazle usansolotarrak urtarrilaren 14an. Las trece caracolas izena duen thriller bat da, eta Bermeon oinarrituta dago.
Jon Azkueta idazle usansolotarrak laugarren liburua kaleratuko du urtarrilaren 14an: Las trece caracolas. Planeta argitaletxearekin argitaratuko du eta aurrekoak ez bezala, ez da Interneten irakurgai egongo, hortaz, dendetan erosi beharko da.
Lana Bermeon oinarritutako thriller bat da Planetak adierazi duenez, «bere lanik helduena da: publiko gaztearentzat zein helduarentzat».
Noraren istorioa du abiapuntutzat liburua. Nora eroso bizi da bere familia aberatsari esker eta onartu egiten du Bermeon apartamentu-eraikin bat kudeatzeaz arduratzea, eraikinaren jabeak gurasoen lagunak direlako.
Herrira iristean, jendeak Ane aipatzen du, arrastorik utzi gabe desagertu den neska bat. Bertan, kasuko hiru pieza garrantzitsuenak ezagutzen ditu: Dylan; bere bizilaguna den Eder, Aneren mutil-laguna; eta Sara, bere arreba. Elkarrekin, Anek gidatzen zuen lagun taldea osatzen dute eta denborarekin Nora integratuko dute.
Baina adiskidetasunak eta maitasunak ez ezik, zira hori baten azpian ezkutatutako pertsona misteriotsuak ere funtsezko papera beteko du. Noten eta jazarpenen bidez, Nora otsoaren ahoan sartzera bultzatuko du, Aneren desagerpena konpontzeko.




