Perejilek musika taldea sortu berri dute hamabi lagunek Galdakaon, belaunaldien arteko loturak eratu eta euskal folklorea zalbatzeko helburuz. Abenduaren 24ean eskaini zuten lehen emanaldia herrian eta arrakasta handia izan zuen. Taldekideekin izan da BINKE, Perejileken lehen pausoak sakonago ezagutzeko.
Karlos Argiñanoren osagai gustokoenetakoa bezala, saltsa guztietan egoteko sortu zen Perejilek euskal folklore taldea Galdakaon. Abenduaren 24an eskaini zuten lehen emanaldia eta arrakasta izan zuten herritarren artean.
Nola sortu zen taldea? Kuadrilla bat gara eta elkartzeko abagune bat dugu hauxe, elkar ikusteko eta kalitatezko denbora igarotzeko gure artean, eta hurbiltzen zaigun edonorekin, noski. Aurreko belaunaldiek uzten duten legatu kultural hau ilusio osoz besarkatu nahi dugu eta orain dela hilabete pare bat ideia lantzen hasi ginen.
Talde ederra eratu duzue, kide askorekin. Zenbat instrumentuk osatzen dute taldea? Hamabi gara:Beñat Armentia Arriandiaga (gitarra), Unai Beitia Zabala (ahotsa), Mikel del Amo Manzanares (ahotsa), Ayyoub El Ghazzaly (panderoa), Jon Fuentenebro Berna (ahotsa), Endika Galarza Cisneros (ahotsa), Eneko Garaigordobil Rodriguez (bibolina), Unai Gomez Alzola (bonboa), Aitor Gomez Llavori (ukelelea), Iñigo Larrea Labarrieta (trikitixa), Aitor Muñozguren Zamakona (bibolina eta ahotsa) eta Unai Sarriugarte Lasarte (ahotsa).
Zergatik jarri diozue Perejilek izena? Beti izan gara Karlos Argiñanoren zaleak eta saltsa honetan ere egon nahi dugu.
Nondik dator euskal musika tradizionala kalean jotzeko ideia? Betidanik gustatu izan zaigu euskal kantak abestea Galdakao Kantari eta Bilbo Kantari taldeekin eta erromerietan, eta hortik etorri zen ideia. Eta txapelak janztearena Youtuben ikusi genuen bideo batetik dator, Ondarrutarrak kantetan izenekoa.

Zein euskal folklore mota jotzen duzue nagusiki? Euskal folklorearen ikuspegi zabala gustatzen zaigu. Euskaldunen abestiak ditugu errepertorioan: Lau teilatu, Oihanian, Baratze bat… Badugu ere gaztelaniaz den baten bat edo Euskal Herritik kanpo sortua izan arren, bertakoek maitekiro hartu dutena: «Porque cantando se alegran, cielito lindo, los corazones!», adibidez.
Zer du kalean jotzeak eszenatokiek ez dutena? Lurraren arrasean jotzea gustoko dugu, gertutasuna nagusituz. Izan ere, tokiz-toki mugitzeak gorputza dinamizatzen du!
Abenduaren 24an eskaini zenuten lehen kontzertua. Nola erreakzionatu zuen herriko jendeak ikusi eta entzun zintuztenean? Ez dugu gezurrik esango, zintzotasunez abenduaren 24an egindako emanaldian jendea espero genuen, baina hainbeste…? Eta euria egiten…? Pasada bat izan zen, eta hutsune hau hartu nahi dugu eskerrak emateko, bai gerturatu ziren galdakaoko koadrilla guztiei, bai parte hartu zuten taberna guztiei! Izan ere, kuadrilla asko dira sareetan informazioa zabaltzen laguntzen gaituztenak, beraz,
berriro ere esker onez omendu nahi ditugu!
Emanaldi berriren bat aurreikusita duzue? Momentuz begi bistara bizpahiru emanaldi ditugu baina asunto batzuk lotu behar ditugu lehenik… Hortaz, adi komunikatzeko erabiltzen dugun sare ofizialera! Instagramen aurkitu gaitzakezue: @perejilek_ofiziala. •




