Galdakaotik eta Usansolotik igaroko den Metroaren 5. lineako tunelaren %20 hondeatu du dagoeneko Euskal Trenbide Sareak. Ibilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1,2 km. hondeatu dituela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Metroaren 5. lineako obrak bisitatu zituzten atzo, Usansolon.
Bertan lanen egoera egiaztatu zuten eta Euskal Trenbide Sareak dagoeneko Metroaren 5. Lineako tunelaren %20 hondeatu duela ezagutzera eman zuten. Guztira, ibilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1,2 km. hondeatu dituzte.
Etxanobek eta García Chuecak oinez egin zituzten Puentelatorreko eraso-arrapalaren —etorkizuneko larrialdi-galeria— 330 metroak eta Bilborako norabidean induskatutako ia 500 metroak. Kontrako norabidean 350 metro zulatu dira, eta, beste bi obra-zatietan, 350 metro gehiago.
«Aldundi honek, dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duenez, bere garaian esan zuen metroa zabaltzea lehentasunezkoa zela, trenean oinarritutako mugikortasun iraunkorragoa nahi dugulako», adierazi zuen Etxanobek.
García Chuecak aldiz, honakoa nabarmendu zuen: «Proiektu horrek lurraldea elkartzen du, eta metro-sisteman sartzen ditu haren eragin-eremuan bizi diren edo lan egiten duten pertsona guztiak, 7,5 minutuko maiztasunarekin».
Obrak, martxa onean
Gaur egun, lantaldeak Ibaizabal ibaiaren ohearen azpian induskatzen ari dira. Ibaia ospitalearen eta Usansoloren arteko bidearen erdian dago, eta, horren ondoan, etorkizuneko geltokirako bi sarbideetako bat eraikitzen ari dira.
Puntu horretan, ahoa induskatu dute eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo indusketa marruskagailuz egingo da; beste sarrera ospitalean bertan egongo da.
Aperribai-Galdakao tarteak 2,8 kilometroko luzera du, eta Bengoetxe eta Galdakaoko geltokiak eraikitzea ere hartzen du barne. Tarte horretan bi eraso-galeria daude, eta etorkizunean larrialdiko aireztapen-galeria bihurtuko dira: Olabarrieta eta Abusu.
Olabarrietan —126 metroko luzera—, indusketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Zulaketa-fronte horretatik bertatik, linea-tuneleko 2.800 metroetatik 287 metroko indusketa- eta euste-lanetan ere aurrera egin da.
Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko indusketa- eta euste-lanak egin dira, hau da, galeriaren 355 metroen %92.
Azkenik, Bengoetxeko geltokian, landare-lurraren geruza osorik kendu dute. Orain arte, 46.460 metro kubiko induskatu dituzte, hau da, lanen %57. Ostalaritza-eremuari dagokion euste-pantaila ere egin dute, besteak beste.
Sarratu-Aperribai tartean bi geltoki daude, bat Sarratun eta bestea Aperribain, eta lanak hiru puntutan egingo dira: Sarratu, Larrazabal eta Aperribai.
Larrazabalen, zortzi hazbeteko gas-hodia desbideratu ondoren, bide berria jarri da martxan, eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisten hasi dira. Gasa kentzeari esker, salgaien linearen behin-behineko desbideratzea hasi da, eta, lehenengo fasean, gaur egun Arcelor-Mittal fabrikari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da.
Gainera, salgaien sarea Arcelor-Mittal fabrikarekin lotzeko etorkizuneko bidea lantzen ari dira, Basconia fabrika zaharraren inguruan. Maiatzean irekitzea aurreikusten den fabrikarako sarbide berria ere egiten ari dira.
Sarratu inguruan, Matxitxakoko zubia eraisten hasi dira, eta, horregatik, zirkulazioa berrantolatu behar izan da; orain, Pozokoetxe kaletik Larrazabalerainoko jaitsiera bi noranzkoetan egin daiteke. Egitura eta estribuak eraitsi ondoren, salgaien trenbidearen behin betiko kokalekua hartuko duen trenbide-kaxoia egiten jarraituko da.
Era berean, Sarratu inguruko linea-tunela marruskagailuz induskatzen hasi dira. Lehenengo metroak hiru mikropilote-aterkien babesean egin dira, arroka sendoagoetara iritsi arte.
Aperribai inguruan, bestalde, auzorako beste sarbide bat jarri da martxan, obrarako sarbideak bereizteko eta bertan bizi diren pertsonei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.




