Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Metroaren 5. linearen obrak bisitatu zituen Usansolon, eta horren harira, Aldundiaren jarrera «isiluneak baino ez direla» salatu du Geltokia Erdigunean plataformak. «Udalerri oso baten mugikortasunari argi eta garbi kalte eragiten dion proiektu bat ez litzateke entzuteko prozesurik gabe aurrera atera behar», azpimarratu du.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu zituzten herenegun, Usansolon.
Bertan lanen egoera egiaztatu zuten eta Euskal Trenbide Sareak dagoeneko Metroaren 5. Lineako tunelaren %20 hondeatu duela ezagutzera eman zuten, BINKEk jaso zuen moduan.
Horren harira, komunikatua argitaratu du Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzen duen Geltokia Erdigunean plataformak. «Maiz eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiteko espazio bat. Jasotako erantzunak isiluneak baino ez dira izan», azpimarratu du plataformak.
«Argudioa Aldundiak ez duela eskumenik metroaren 5. lineako obretan izan da, baina Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia Usansolora hurbildu da gaur eta obraren xehetasunak zehaztu ditu. Gertaera horiek plataformak herritarrei ikusarazten saiatu dena azpimarratzen dute: Aldundiak ahotsa du proiektuan», adierazi du.
Hemen batu dugu plataformak argitaratutako komunikatu osoa, hitzez hitz:
«Geltokia Erdigunean plataformatik maiz eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiteko espazio bat. Jasotako erantzunak isiluneak baino ez dira izan. Batzar Nagusien bitartez lan-mahai bat sortzeko egindako ahaleginek ere ez dute fruiturik eman. Argudioa: Aldundiak ez duela eskumenik metroaren 5. lineako obretan.
Egitateek, ordea, beste zerbait frogatzen dute. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia Usansolora hurbildu da gaur, abisurik edo komunikaziorik gabe, metroaren obrak ikuskatzeko. Ez hori bakarrik, geroago adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean, eta obraren xehetasunak zehaztu.
Gertaera horiek plataformak herritarrei ikusarazten saiatu dena azpimarratzen dute: Aldundiak ahotsa du proiektuan. Kontrakoa defendatzea gezurra esatea da, Aldundiak berak bere ekintzekin berresten duen errealitatea ezkutatzen saiatzea. Ez dugu ahaztu behar aurreko Ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, metroaren 5. linearen hasierako aurkezpenean, Usansolok erdigunean geltoki bat mantentzen zuen proiektu bat aurkeztu zuela.
Ez du zentzurik egindako bisita egokia den ala ez kalifikatzen hasteak, edo egiteko moduak zuzenak izan diren. Baina udalerri oso baten mugikortasunari argi eta garbi kalte eragiten dion proiektu bat ez litzateke entzuteko eta kontrastatzeko prozesurik gabe aurrera atera behar. Eta horretan, plataformatik, kritikoak izan behar dugu. Politika herritarrak zerbitzatzeko dago, ez baztertzeko eta alboratzeko. Gure aldetik, berriro eskatuko dugu beste bilera bat Aldundiarekin, espero dezagun oraingo honetan gutxienez erantzun bat emateko prest egotea.
Gardentasunaz eta herritarren parte-hartzeaz hitz egiten denean, gertaerak dira garrantzitsuak. Ikus dezagun ea Aldundia prest dagoen hauteskunde-kanpainetan agindutakoa betetzeko.
Usansolok borrokan jarraituko du sinesten duenaren alde. Lortu arte!».




