Antxoka Jauregui Zabala, Sanokeko galdakoztarra.
BINKE / 2026ko otsaila
Jaiotzez: Galdakao.
Gaur egun: Sanoken (Polonia).
Jaiotza urtea: 1983.
Ikasketak: Automatizazioa.
Zertan dabil: Familiarekin bizitzen.
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Argi falta eta kale hutsak neguan. Udazkenean eta neguan, 16:00etan iluntzen du, eta gainera nahiko hotz egin dezake, 10-20 gradu zero azpitik. Udan, ordea, goizeko hiru eta erdietan, eguzkia ateratzen da eta txoriak abesten hasten dira.
Zer du zure hango herriak, Galdakaok ez duena? Sanok Galdakao baino handiagoa da, baina ez askoz handiagoa. Hiria naturaz inguratuta dago, eskualdeak oraindik natura basatia dauka, hartzak, otsoak eta bisonteak aurki daitezke nahiko hurbil. Horrez gain, leku oso segurua da eta umeak nahiko aske ibilten dira.
Zeren falta somatzen duzu han? Familia, lagunak, ohiturak eta janaria batez ere.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Polonia herri handia da, pertsona gehienak normalean toki turistikoetara joaten dira, baina paisaia naturaletara joatea proposatuko nuke, iparraldean baltikoa eta mendiak hegoaldean. Gainera, gaztelu pila bat daude eta herri gehienek alde zahar klasikoak dituzte. Janari tradizionala ere oso gomendagarria da, batez ere hotz egiten duenean.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Normalean non gauden, gure herriko giroa eta bizimodua, hondartzak eta mendiak zein gertu dauden, Euskara eta historiari buruz, eta Athleticeri buruz bebai.
Zer dakite gure herriaz? Poloniarrak oso jakin-min handikoak dira, uste baino askoz gehiago dakite Euskal Herriari buruz. Euskara filologia fakultate batzuetan irakasten da, adibidez Poznaneko unibertsitatean.
Zer zenekien zu hangoaz? Ia ezer ez: komunismoa, neguak, vodka eta hizkuntza oso zaila daukatela.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Seguruenik hemen geratuko naiz, baina bizitza sorpresaz beteta dago eta nork daki.




