Cresporen espetxeratzea salatzeko manifestazioa egingo da Galdakaon
Euskal gatazka
BINKE / 2022ko otsaila
Cresporen espetxeratzea salatzeko manifestazioa egingo da Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa, Binkeren artxibotik
Ostegunean iragarri zuen Binkek Jon Crespo galdakoztarrak hirugarren gradutik bigarren gradura igaro beharko zuela Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz eta, beraz, Basauriko espetxera itzuli behar zuela. Espetxeratze hori salatzeko manifestaziora deitu du Sarek.
El Duesoko espetxeko tratamendu-batzarrak Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua emateko erabakia hartu ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak —fiskaltzak jarritako helegiteari arrazoia emanez— atzera egin eta bigarren gradura itzularazi zuen. Horrela ba, bigarren graduan da berriz Crespo, Basauriko espetxean, Binkek aurreratu zuen bezala.
Espetxeratze hori salatzeko manifestazioa deitu du Sarek Galdakaon zapatu honetarako, otsailak 12, 13:00ean Kurtzeko plazatik hasita «STOP salbuespen neurriak, etxerako bidean oztoporik ez» lemapean.
Sarek dio Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia «beste urrats bat da gure herrian bizikidetzarako bidea oztopatzeko» eta gaineratu, hitzez hitz: «Basauriko espetxeko tratamendu-batzarrak uste badu presoa hirugarren graduan egoteko moduan dagoela, eta lan-munduan sartuta egoten jarraitu ahal duela, orain arte egon den bezala, batzar horri eskatzen diogu uste horren arabera jokatzeko eta hirugarren gradurako progresioa berriro aztertzeko eta berresteko».