Iritzia
Javier Zorriqueta Gojenola
BINKE / 2026ko martxoa
Eguneroko bizitzako arlo askotan eragin handia daukie Europar Batasuneko hainbat legek, eta horiengan estatuek garatzen dabezan araudiak. Estatuak garatu dauan araudi barria (2023/666 ED), esaterako, oso murriztatzailea da; albaitari klinikoen lanean, bete-betean, kriston arazoa eta erasoa sortu dau.
Antibiotikoen edota beste medikamendu askoren erabilera mugatu gura deuskue, irizpide klinikoa eta esperientzia pertsonala guztiz ezabatuz.
Horrek zer esan gura dau? Ba, adibidez, albaitariok gure kargu daukagun animalia bati tratamendu bat emoterakoan, produktuen erabilera-orrian datorrena bakarrik egin daikegula eta ez gure irizpide-klinikoak eta kongresu edo ikasketengaitik dakigunaren araberakoa.
Hau dala eta, albaitariok legegintzako herri-ekimen bat aurkeztu dogu Madrilgo Kongresuan, eta hori bultzatzeko sinadura bila nagoala konturatu naz herritar gehienek albatariei buruz daukien irudia ez dala zuzenena.
Orokorrean, «albaitari» berba entzutean, txakur bat, katu bat edo beste etxeko animaliaren bat datortzo jendeari burura. Kontsultako mahai bat, txerto bat edo ebakuntza bat, hau da, albaitari klinika bat.
Dirudienez ez dago argi —etxeko animalien eta abeltzaintzako animalien mediku izatetik kanpo— kontsumitzen doguzan elikagai guztiek albaitarien begiradapetik pasa behar diran, baita jakiak zerbitzatzen diran leku guztien osasun ikuskapena be gure ardura dala, besteak beste, tabernak, jatetxeak, jantokiak…
Egunero milaka pertsonaren osasuna bermatzeko egiten dogun lana ixila da, baina funtsezkoa.
Guretzat animalien osasuna, ingurumenaren osasuna eta pertsonena lotuta dagoz. Orain modan jarri dan One Health ikuspegia ez da guretzat barria; albaitariok horren aitzindari izan gara aspalditik. Beti izan dogu kontutan animalien, gizakien eta ingurumenaren ongizateek harreman estua daukiela eta hiru arloetan batera lan eginez gero, osasun globala hobetzen dala gaixotasun asko saihestuz.
Eta hau gitxi balitz, orain therian-ek be gurera etorri gura dabe…




