Asteburu honetan eskainiko dira Etxeko Plazan atzeratutako zazpi kontzertuak
Kultura
BINKE / 2022ko otsaila
Asteburu honetan eskainiko dira Etxeko Plazan atzeratutako zazpi kontzertuak
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIAK: Taldeen sareetatik
Covid-aren aurkako murrizketek eta zenbait musikari konfinatuta egon beharrak Etxeko Plazaren hiru egunetako bi atzeratzera behartu zuten Udala. Egoerak hobera egin duelakoan, atzeratutako bi egun horiek bariku eta zapatu honetan ospatuko dira, zazpi talde galdakoztarrekin. Hemen batu ditugu ordutegiak, taldeak eta kartelak.
Lehenengoz antolatu behar zuen abenduan Galdakaoko Udalak Etxeko Plaza ekimen berria, gure herrietako musika taldeez —edo beraien kideen artean galdakoztar zein usansolotarrak dituen taldeez— osatutako musika jaialdi berria.
Ordea, abenduaren 17ko kontzertuak bakarrik eskaini ahal izan ziren Torrezabal Kultur Etxeko agertokian, neurri murriztaileak gogortzeak eta zenbait taldetako kideak konfinatuta egoteak gainontzeko bi saioak atzeratzea ekarri zuen.
Horrela ba, hauek izango dira asteburuan Torrezabaleko berotasunak hartuko dituen zazpi kontzertuak 19:30ean hasita:
Otsailak 18, barikua
- Bohemian Soul: klasikoak bertsionatzen dituen bikotea da Bohemian Soul.
- Bad Moon Covers: talde honek ere coverrak edo bertsioak egiten ditu.
- Calathea: pandemiaren aurretik eratu zen taldea, baina aurten hasi dira kontzertuak ematen. Metalcorea jotzen dute, post-hardcorearekin eta melodic hardcorearekin uztartuta.
- Hellydays: 2018an sortutako hard rock taldea da.
Otsailak 19, zapatua
- Enekoguitarraflamenca: ukitu flamenkoa jarriko dio egitasmoari artistak.
- Sonic Free Station: rock, soul eta blues doinuak uztartzen dituen taldea da eta talde ezberdinetan eta estilo ezberdinetako musikariek osatzen dute.
- Now Ninah: soulean, jazzean eta blusean, besteak beste, oinarritzen den taldea da.
Bi egunetarako sarrera doakoa izango da baina Udalak gonbidapenak hartzea eskatu du. Kontzertua hasi baino ordubete lehenago sarrera eskuratu beharko da Torrezabal Kultur Etxeko lehiatilan edo noiznahi Udalaren online plataforman.