Gune tenkatuetako etxebizitzak alokatzeko prezioen erreferentzia indizea indarrean sartu berri da Bizkaian, eta neurri horrek eragin zuzena izango du Aperribain. Auzoan izan ziren atzo Iñigo Arriandiaga alkatea eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia, sistema hori nola aplikatuko den modu praktikoan azaltzeko.
Alokairuaren prezioen erreferentzia indizea indarrean sartu da Galdakaoko Aperribai eta Jugu auzoetan, eta sistema horri esker bi auzoetan alokairuak mugatu ahal izango dira, gune tenkatuak direlako, BINKEk batu zuen moduan.
Neurriak zalantzak eragin ditu bertako auzokideen artean, eta erantzunak emateko asmoz, sistemak zelan eragingo dien azaltzeko informazio saioa egin zuen atzo Galdakaoko Udalak. «Herritarren zalantzak bertatik bertara argitzeko eta neurriaren xehetasunak modu hurbil eta ulergarrian helarazteko» saioa izan zen, Udalaren hitzetan.
Iñigo Arriandiaga alkateak eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak parte hartu zuten Aperribaiko auzokideentzat egindako batzar irekian.
Hitzorduak alokairu prezioen mugei, etxebizitzen aurretiazko egoeraren araberako desberdintasunei eta indizeak erreferentzia tresna gisa duen funtzionamenduari buruzko zalantzak argitzeko aukera eman zuen eta etxebizitzaren egoera hobetzeko Galdakaoko Udala herri osoari begira lantzen ari den proiektuen nondik norakoak ere azaldu dizkiete bi ordezkariek herritarrei.
Guzti horren helburua argia da, alkatearen hitzetan: «Galdakoztarrek, batez ere bertoko gazteek, euren bizi proiektua euren herrian egiteko aukera izatea, ez dezatela Galdakaotik joan behar izatea etxebizitzen prezio altuegiengatik».
Auzoetako herritarrei euren intereseko informazioa zuzenean helarazteko eta zalantzak argitzeko Galdakaoko Udalak egiten dituen topaketetako bat izan da gaurkoa, aurrerantzean ere sakontzen jarraituko duen jardunbidea.




