«Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza Sionismoaren konplize», Galdakao Palestinarekin Herri Plataforma

Argazkia: Oskar Matxin Edesa, Foku.

Iritzia
Galdakao Palestinarekin Herri Plataforma

Galdakao Palestinarekin Herri Plataformatik irmoki salatzen eta gaitzesten ditugu pasadan astean gertatutako bi episodio larriak, Estatu sionistaren eta euskal erakundeen arteko egiturazko konplizitatea agerian uzten dutenak.

Batetik, Israelgo armadak Global Summud flotillaren aurka egindako eraso bortitza salatzen dugu. Gaza gaineko blokeo kriminalari aurre egin dion eta egiten jarraitzen duen ekimen zibil eta baketsua da flotilla hori. Ondoren, bertako kideek jasandako errepresioa basatiena izan da: torturak eta umiliazioak, Estatu sionistak berak lotsagabeki helarazi dizkigun irudi nazkagarrien bidez ezagutu ditugunak, Ben Gvir supremazista flotillako ekintzaileen aurka sionismo erreakzionarioenaren ordezkari gisa agertuz.

Bestetik, berriro ere irmoki salatu nahi dugu Ertzaintzak pasadan zapatuan Loiuko aireportuan izandako jardun bortitza. Erabilitako indarkeria, neurrigabea eta onartezina izan zen, bai aurreko egunetan jasandako bizipen gizagabeek markatuta zetozenen flotillako ekintzaileen aurkakoa, baita Palestinari elkartasuna modu baketsuan adieraztera hurbildutako senide, lagun eta babesleen aurkakoa ere.

Guk argi ikusten dugu. Gertaturikoa, Ertzaintzaren eta Israelgo segurtasun indarren arteko egiturazko loturek azaltzen dute. Atzo ikusitakoa ez zen kasualitatea izan: urte luzez euskal poliziak Mossadeko agente ohiekin lotutako enpresen prestakuntza jaso du, Israelgo enpresen materiala erosi du, eta euskal erakundeek milioika euro bideratu dituzte Israelgo segurtasun konpainiekin kontratuetara.

Ez gaituzte engainatuko. Eusko Jaurlaritzako segurtasun arduradun nagusiak, Bingen Zupiriak, sinestarazi nahi digu poliziaren erasoa ongietorri ekitaldiko parte-hartzaileen ustezko probokazioei emandako erantzuna izan zela. Gezurra da. Atzo mundu guztiak ikusi zuen: Ertzaintza gorputz errepresiboa izaten jarraitzen du eta, Eusko Jaurlaritzarekin batera, sionismoaren konplize da.

Mobilizazio soziala eta protesta politikoa oinarrizko eskubide demokratikoak dira, eta ezin dira kriminalizatu edo indarraren bidez zapaldu. Palestinarekiko elkartasuna ez da delitua: duintasunarekiko, justiziarekiko eta giza eskubideekiko konpromisoa baizik.

Gure elkartasun osoa adierazten diegu Global Sumud flotillako pertsonei, Loiun erasotu eta zauritutakoei, eta Euskal Herrian zein munduan sionismoaren aurka ahotsa altxatzen duten guztiei.

Euskal Herriko herritarrei eta instituzioei dei egiten diegu: konplizitate gehiagorik ez. Estatu sionistarekiko harreman instituzional eta ekonomiko guztien amaiera exijitzen dugu, edozein loturaren erabateko haustura, eta irtenbide politiko bakarra estatu kolonial, apartheid-zale eta genozida horren desegitea dela argi aitortzea.

Palestinako erresistentzia gure erresistentzia da.

Palestinaren askapena kolonialismoa eta apartheida pairatzen duten herri guztien askapena da. Haren askapena gurea ere izango da.

Ibaitik Itsasora, Palestina izango da.

situs togel

situs toto