Bertan behera geratu dira Galdakaoko San Juan suak eta horien inguruko ekintza guztiak

Argazkia: Peio Zamalloa.

Datozen orduetarako aurreikusitako tenperatura altuak direla eta, Galdakaoko San Juan suak eta horien inguruan antolatutako ekintza guztiak bertan behera geratu dira. Udalaren arabera, «egungo baldintzek ez dute ospakizunak behar bezala eta arriskurik gabe egiteko bermerik eskaintzen».

Euskalmeten aurreikuspenen arabera, datozen orduetarako tenperaturek oso altuak izaten jarraituko dute. Horren ondorioz, eta inguruko beste herri batzuek egindakoa jarraituz, San Juan bezperako ospakizun guztiak bertan behera uztea erabaki du Galdakaoko Udalak.

«Egungo baldintzek ez dute ospakizunak behar bezala eta arriskurik gabe egiteko bermerik eskaintzen, beraz, segurtasuna eta herritarren ongizatea lehenetsiz hartu da erabakia», adierazi du Udalak.

Hortaz, San Juan su guztiak bertan behera geratu dira Galdakaon, besteak beste, Santi Brouard enparantzan, Mugurun eta Urretan antolatutakoak. Halaber, herritarrei San Juan suak norbere kabuz ez egitea gomendatu die Udalak, «ez baita une egokia suarekin lotutako jarduerak segurtasunez egiteko».

Suez gain, horien inguruan antolatzen diren ekintzak ere bertan behera geratu direla jakinarazi du Udalak, hala nola, dantza emanaldiak eta kontzertuak.

Bestalde, Udalak prebentzio neurriak ezarri ditu zenbait eraikinetan. Aire giroturik ez duten Izarra, Aperribai eta Urtebietako adinekoen zentroak itxi egin dira datozen bi egunetarako, ez baitituzte betetzen muturreko bero egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren baldintzak. Iberluze eta Bengoetxeko adinekoen zentroek aldiz, aire girotua dute, eta zabalik jarraituko dute. 

Horrez gain, hainbat leku klima-babesgune gisa egokitu ditu Udalak, besteak beste, Maximo Moreno Musika Eskolako areto nagusia, Torrezabal Kultur Etxeko Erakusketa Gela eta Kurtzeko frontoia, BINKEk jaso zuen moduan.

Azkenik, Elexaldeko igerilekuen erabilera berrantolatu egin da, azken egunetan izandako jende igoeraren ondorioz. Igeriketarako erabiltzen ziren bi kaleak aisialdirako erabiliko dira, okupazio handiagoaren aurrean erabiltzaileen erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko. Urretako kiroldegiko igerilekuak irekita jarraitzen dute igeriketa praktikatzeko. Neurri hau astelehenera arte, ekainak 29, egongo da indarrean.

situs togel

situs toto