Galdakaoko Udalak aurreikusi duenez, udal lokalen erabilera arautuko duen ordenantza berria prest egongo da urtea amaitu baino lehen. Ordenantza eratzeko prozesuan murgilduta dago Udal Gobernua gaur egun.
Herriko baliabide komunitarioak batzen dituen atari digital berria sortu du Galdakaoko Udalak. Bertan espazio, eragile eta ekimenei buruzko informazioa eskaintzen da, eta erabilgarri dago dagoeneko.
Eguaztenean aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, BINKEk jaso zuen moduan, eta Maite Arandia Parte Hartze eta Gardentasun zinegotziak azaldu zuenez, «Herritarren Parte-Hartzerako Ordenantzan batzen dena jarraitu dugu, Galdakaon dauden behar eta eskaerei erantzuteko dauden baliabide komunitarioak ezagutzeko tresna herritarren eskura jarriz».
Atariaren aurkezpenaren batera, berri bat iragarri zuen Edurne Espilla Kultura eta Komunikazio zinegotziak: udal lokalen erabilera arautuko duen ordenantza lantzen ari dela Udala.
«Udaleko hainbat sail aritu da elkarlanean prozesua aurrera eramateko. Zirriborroa aurkeztuko diegu laster oposizioko talde eta herriko eragileei, eta urtea amaitu baino lehen ordenantza onartzea aurreikusi dugu», adierazi zuen Espillak.




