Urreta kiroldegiko abonua %30 merkeago izango da 2027an, obren kalteen aringarri gisa

Argazkia: Julio Legarretaetxebarria.

Urreta kiroldegiko handitze eta berritze lanak hainbat kalte eragin dizkie erabiltzaileei, besteak beste, kiroldegia itxita egotea uztaila eta abuztuan zehar. Horregatik, Urreta kiroldegiko abonua %30 merkeago izango da 2027an.

Galdakaoko kirol zerbitzuen eskaintza berritu eta zabalduko du Udalak, kontratu berriaren bitartez. Proiektuaren baitan, Urreta kiroldegia handitu eta eraberrituko du, eta besteak beste, 600 metroko fitness gela berria izango du, BINKEk jaso zuen moduan.

Lanak azken txanpan sartu dira, eta horregatik Urreta kiroldegia uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean itxita egongo da. «Udan ohi baino denbora gehiagoz itxi da lanak aurreratu ahal izateko, eta, urtean zehar, kiroldegiko eskaintzak obrekin elkarbizi behar izan du. Kiroldegia urte oso batez erabat ez ixteko helburuz uztartu dira behar batzuk eta besteak», azaldu du Udalak. 

Obren eraginak murrizteko, Galdakaoko Udalak hainbat neurri hartu ditu herritarrek udan ere kirol instalazioak erabiltzen jarraitu ahal izan ditzaten. Besteak beste, Galdakaoko Udalak Zugutzu eta Elexaldeko eskaintza indartu egingo du.

Halaber, denbora honetan eragindako kalteak arintze aldera, neurri ekonomikoak hartu ditu Udalak: lanek iraun duten bitartean bazkide izan direnek merkeago ordainduko dute bazkidetza kiroldegi berritua zabalduko den urtean.

Zehazki, 2027ko abonua ordaintzerakoan, %30 gutxiago ordaindu beharko dute aurreko hiru urteetan abonatu izan direnek: urte bakoitzeko %10 gutxiago. Adibidez, orain bezala abonu familiarragatik urtean 143,2 euro ordaintzen duenak 2027an 100,24 euro ordaindu beharko ditu, 42,96 euro gutxiago. 2027an bazkidetza egin nahi ez dutenei, berriz, ofizioz ingresatuko zaie bakoitzari dagokion kopurua.

Ofizioz egingo dira egokitzapen horiek 2027ko abonuak egiteko orduan, eta beraz, erabiltzaileek ez dute aparteko tramitaziorik egin beharko. 

Galdakaoko PSE-EEk ixteagatik abonatuei konpentsazio ekonomikoa eskaintzea eskatu zuen duela egun batzuk, BINKEk jaso zuen moduan.

situs togel

situs toto