Irailaren 11n hasiko dira Galdakaoko jaiak. Ikasturte berriarekin batera, gure kaleetara aterako gara berriro, elkartzeko, ospatzeko eta elkarrekin bizitzeko. Egunotan, gure kaleak algaraz, kolorez eta koadrilaz beteko dira. Festa giroak, ordea, ezin gaitu errealitatetik urrundu. Parrandak ezin gaitzake Gazako haurrak ahaztarazi, Zisjordaniako beren etxeetatik eta lurretatik kanporatutako familiak, ezta asentamenduen bidezko kolonizazioaren eta indarkeriaren mende bizi diren milaka palestinarrak ere.
Izan ere, genozidioak ez du jai egunik, ez udarik, ez etenik, ezta ikasturte berririk ere. Gazan, bonbardaketek, goseak eta suntsiketak ez dute etenik. 2023ko urritik, ia 20.000 haur baino gehiago hil dituzte. Ospitaleak suntsituta daude. Eskolak erraustuta edo hondatuta. Etxeak, auzoak eta oinarrizko azpiegiturak desagerrarazi dituzte. Gurean, ikasturte berria hasiko da, eta eskolak ateak zabaltzen ari dira ikasleak hartzeko. Palestinan, ordea, milaka haurrek ez dute ikasturte berririk izango. Ez dute eskolarik, ez dute arkatzik, ez dute jolasteko lekurik. Eta, Israelek ezarritako suntsipen, genozidio eta okupazioaren ondorioz, askori etorkizuna ere ukatu diete.
Bitartean, Zisjordanian kolonizazioak aurrera darrai, isil-isilik, munduaren begien aurrean, hauek itxita dauden bitartean edo beste alde batetara begira direlarik. Egunero lapurtzen dizkiete lurrak, egunero jasaten dituzte kolonoen bortxaketa eta jazarpenak, kolonia berriak eraikitzen jarraitzen dituzte nazioarteko legedi guztien aurka eta hauen konplizitatearekin. Helburua argia da: palestinar estatua desegitea, lurra zatituz, herria sakabanatuz, bizitza ezinezko eginez. Hori da kolonizazioaren helburu politikoa. Ez da lurraren okupazio hutsa: nazio baten suntsipena da, asentamenduetan oinarritutako sistema kolonialista xenofobo baten bidez. Azken helburua moduan Palestinaren desageraraztea izanda.
Horregatik, aurten ere, aldarria mantendu behar dugu: jaietan ere, Palestinaren alde
Dei egiten diegu herritar guztiei: ez jaitsi borroka eta elkartasunaren maila. Jarraitu informatzen, jarraitu partekatzen, jarraitu plazetara ateratzen eta jarraitu genozidio historiko hau ozenki salatzen. Jaietan ere, ez dezagun Palestina ahaztu. Bide honetan guztiok gara beharrezkoak.
Elkartasuna herrien arteko samurtasuna delako. Palestinako erresistentzia gure erresistentzia ere delako. Haien askapena gurea ere izango delako. Haiek gu garelako.
Ibaitik Itsasora, Palestina izango da.




