Maxameko langileak EiTBren eta El Correoren egoitzen atarian batu dira
Ekonomia
BINKE / 2022ko martxoa
Maxameko langileak EiTBren eta El Correoren egoitzen atarian batu dira
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Maxameko langileak
Otsailaren 16tik greba mugagabea egiten ari bada ere Maxam lehergaien lantegiko gehiengo nagusia, Bizkaiko hedabide nagusiek euren borrokaren berri ematen ez dutela salatu dute gaur dozenaka langilek Bilboko EiTBren eta El Correoren egoitzen atarian.
Zuhatzuko lehergaien lantegi historikoko langileen gehiengo nagusia greba mugagabea egiten ari da otsailaren 16tik, Binke kontatzen ari den bezala. Baina geroztik, Bizkaiko hedabide nagusiek horren berririk eman ez dutena kexatzen ari dira langileak. Horregatik gaur, martitzena, EiTB eta El Correo komunikabideen egoitzen atarietan batu dira Maxameko dozenaka langile.
«Putre-funts bat gu suntsitzen ari da pixkanaka pixkanaka, eta enpresaren beste lantegi batzuetan —Iruña Okan bezala— sartu dan agintaritza barriak aurretik egoazan langileak xurgatu badauz be, Galdakaon 67 langile kaleratu gura dabez», irakurri dute megafonotik EiTB eta El Correo hedabideek Bilbon dituzten egoitzen atarian.
Gainera, «kirol-kartutxoen eta polboraren sailagaz egingo dabena lantegi osoagaz egin gura dabe, eta ez daukagu greba mugagabea egitea beste erremediorik», salatu dute langileek aipatutako bi lekuetan. Aldiz, otsailaren 16tik greba mugagabea egiten ari bada ere Zuhatzuko lantegiaren gehiengoa, «Bizkaiko hedabide nagusiek isilarazota gaitue», oihukatu du manifestua irakurri duen Maxameko langileak.
Eta hedabide hauek isilik zergatik dauden ere galdetzen dute langileek; hauen arabera, ez dira medio handietan agertzen «ez dogulako trenbidea ebakitzen? Ez doguzalako zaborrontziak erretzen eta ez doguzalako ertzainak iraintzen?».
Hala ere, Maxameko langileek «bortizkeria bako borrokan» jarraituko dutela ziurtatu dute gaurko mobilizazioetan, eta hedabideek euren ahotsa «ez isilaraztea» eskatu dute.