Duatloi Txikiaren seigarren edizioa martxoaren 20an antolatuko da
Kirola
BINKE / 2022ko martxoa
Duatloi Txikiaren seigarren edizioa martxoaren 20an antolatuko da
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Duatloi Txikiaren edizio berria martxoaren 20 goizean antolatuko du Galdakao Triatloi Taldeak, eta ibilbidea berdina izango bada ere, partaide kopurua handitu egingo dute 250 partaidera iritsi arte. Zabalik dago izena emateko epea.
Duatloi Txikiaren seigarren edizioa martxoaren 20 goizean antolatuko da, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. «Aurtengoak aldaketa bakarra izango dau», kontatu diote antolatzaileek Binkeri, alegia, «iazko ehun partaidetik 250era egingo dogulako jauzi».
Ibilbidea iazko bera izango da, Bizkai kaletik hasita —Urreta kiroldegiaren aurrealdetik—, Urreta ikastetxe pareko biribilgunerarte eta bertatik Bizkai kalean buelta eginda kiroldegiaren atzealdetik egin beharko dute etxeko kirolari gazteenek.
Hori bai, lasterketan zehar kendu ahal izango badute ere, «lasterketaren hasieran zein amaieran musukoa jantzi beharko dabe kirolariek, eta amaieran guk emongo deutsieguz musukoak», gogorarazi dute Galdakao Triatloi Talde antolatzaileko kideek.
Martxoaren 20 horretan, jaiotza urtearen arabera ekingo diote gazteek Duatloi Txikiari, gazteenak 10:30ean hasita. Ondoko taulan zehaztu dute dena antolatzaileek, adin bakoitzekoek zenbat metro korrika eta zenbat bizikletan egin beharko duten adierazita.
Izena emateko 5€ ordaindu beharko dute parte hartzaileek —edo beraien gurasoek, noski— eta jasotako dirua Galdakaoko Pentsionisten Plataformara bideratuko da.
Izena emateko, idatzi:
bizkaiatriatloi@gmail.com