Maxameko langileek greban jarraituko dute %53,9aren babesarekin
Langile borroka
BINKE / 2022ko martxoa
Maxameko langileek greban jarraituko dute %53,9aren babesarekin
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Martxoaren 8an lehergaien lantegiko langileek bozketa egin zuten, grebarekin jarraitu ala ez erabakitzeko, eta langileen %53,9 greban jarraitzearen alde agertu zen. Lantegiko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari bidalitako azken barne-dokumentura sarbidea izan du Binkek, langileei egindako azken proposamena ezagutzeko.
Maxam lehergaien enpresako langileen gehiengo nagusiak otsailaren 16an hasi zuen greba mugagabea, kirol-kartutxo eta polboraren atala —Outdoor izenez ezaguna— ixteko proposamena egin baitu lantegiko zuzendaritzak. Atzo, martxoak 8, hogeita bat egun egin zituzten lantegira sartu gabe, eta lehenengo bozketa egin zuten: lanera itzuli ala ez.
Langileen borroketan, eta gehiago greba mugagabeetan, ohikoak dira langileen arteko desberdintasunak. Hala erakutsi digute historian zehar inguruan bizi izan ditugun grebek. Nekea, adore emateko gogoa, estutasun ekonomikoa… agertzen hasten dira langileen artean, eta eztabaidarako tarteari paso eman behar izaten diote langileek.
Horretarako unea bizi zuten atzo Maxam lehergaien enpresa historikoan greba mugagabean dauden langileek ere, zuzendaritzak egindako azken proposamenaren aurrean UGT sindikatuko —sindikatu nagusiko— kide batzuek greba egiteari uztea proposatu zutenean.
Langileen arteko eztabaida sortu zen orduan, eta horregatik erabakia bozketa bidez erabakitzea adostu zuten. Martxoaren 8 arratsaldean bozketa egin zen, 15:00 eta 19:00 bitartean. Bozkalekua itxi eta ordu erdira jakin genuen emaitza: 142 boto (bozken %46,1) lanera itzultzearen alde eta 166 boto (bozken %53,9) greban jarraitzearen alde.
Horrela ba, greba mugagabean jarraituko dute Zuhatzuko lantegiko langileek, eta hauek dira euren borrokaren berri emateko iragarri dituzten hurrengo ekintzak:
- Martxoak 11, barikua
12:30, kotxe karabana Galdakaotik Basaurira. - Martxoak 12, zapatua
12:30, manifestazioa Kurtzeko plazatik.
Zer proposatu dio, gaur gaurkoz, Maxameko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari?
Binkek lantegiko barne-dokumentuetara sarbidea izan du. Hauxe da Maxameko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari bidalitako azken dokumentua —gaurko datan, martxoak 10—, non lantegiaren «berregituratzerako» proposamena egiten duen: