Unkinako igerilekurako sarreran berogailuak jartzen hasi dira
Lanak
BINKE / 2022ko martxoa
Unkinako igerilekurako sarreran berogailuak jartzen hasi dira
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Euskadi.eus
Asteon hasi dira, iazko aurrekontu parte-hartzaileetan zenbait herritarrek eskatu bezala, Unkina kiroldegiko eskailerak berotzeko lanak. Zortzi astez iraungo dutela aurreikusten da eta albiste honetan kontatu dugu zenbateko aurrekontua izango duten eta zenbat fasetan egingo diren.
Unkina kiroldegi usansolotarreko igerilekuaren sarrera hotza dela aitortu zuten iazko aurrekontu parte-hartzaileetan zenbait herritarrek. Igerilekura —eta honen aldageletara— sartzeko kiroldegiko sarrera dauden eskaileretan korrontea sortu eta tenperaturaren kontraste handia sortzen dela salatu izan dute erabiltzaileek. Horregatik, Galdakaoko Udalak berogailuak jarriko ditu.
Asteon hasi dira Unkinako eskailerak berotzeko lanak eta zortzi asteko iraupena izango dutela jakinarazi du Udalak, eta hiru fasetan egingo direla azaldu. Hitzez hitz, horrela azaldu du Udaleko prentsa arduradunak ohar bidez:
«Batetik, soroslearen lokala birkokatu egingo da, soroslearen erosotasuna eta ebakuazioa hobetzeko eta lehen sorospeetarako gela goialdera, igerilekuen ondora, eramateko. Hala, soroslearen gune berrira igerilekutik eta korridoretik sartu ahal izango da. Aldaketak sute instalazioa birkokatzea ere ekarriko du.
Komunetara sartzeko atari bat eraikiko da, bestetik, klimatizatu gabeko kantxa igerilekuko gune klimatizatutik isolatzeko. Obra horien bidez bainugeletarako gelaurre bat egingo da. Horrez gain, espazioari argiztapen sistema berria eta suteak detektatzekoa jarriko zaizkio. Azkenik, aldageletatik igerilekura sartzeko eskailera tarteen klimatizazioa egingo da. Eremu hori berotzeko, aire beroko gortina bat jarriko da, zonalde horretako tenperaturari eta erosotasun zein osasun baldintzei eusteko».
Obrek 59.999,28 euroko aurrekontua dute eta lanek ez dute igerilekuaren erabileran eraginik izango. Hala ere, Udalak ohartarazi du, «momenturen batean igerilekuetako jardunari eragingo baliote, aldez aurretik abisatuko» litzatekela.