Ukrainar herriari babesa adierazteko dozenaka lagun batu da Galdakaon
Gerra
BINKE / 2022ko martxoa
Ukrainar herriari babesa adierazteko dozenaka lagun batu da Galdakaon
ARGAZKIA: EAJ Galdakao
TESTUA: Jon Gomez Garai
EAJk, PSE-EEk eta atxiki gabeko zinegotziak 40 lagun ingururekin batera, eta EUDELen deialdiari jarraituz, «Ukrainari gure herriaren babesa eta Errusiaren inbasioaren aurkako gaitzespena adierazteko» elkarretaratze isila egin dute gaur, eta «Udalak horretarako deialdirik egin ez izana» salatu.
Vladimir Putin presidentearen aginduz Errusia Ukraina modu bortitzean erasotzen hasi zenetik 14 egun pasa dira. Erasoek eta heriotzek ez dute etenik, eta negoziaketa-prozesuan ari badira, adituek diote gerrak ez duela epe laburrean amaitzeko itxurarik.
Horren aurrean, hamaika izan dira nazioartean deitu diren elkarretaratze, manifestazio eta Errusiaren inbasioa gaitzesteko ekintzak. Euskal Herriko hainbat hiriburutan ere izan dira horrelakoak. Baina orain, «ukrainar herriari babesa adierazteko elkarretaratzeak herrietara» eraman gura izan ditu Euskadiko Udalen Elkarteak —EUDELek—.
Horrela ba, «eta Galdakaoko Udalak deialdirik egin ez badau be», Galdakaoko EAJren zinegotziak, PSE-EErenak zein atxiki gabekoa udaletxe aurrean batu dira isiltasunean, «Ukrainari gure herriaren babesa adierazteko eta Errusiaren inbasioaren aurkako gaitzespena adierazteko», bertan batu diren politikariek adierazi duten bezala. Eurekin batera 40 herritar inguru ere batu dira Kurtzeko plazan.
Udalak Binkeri gogorarazi dio herriko erakundea EUDELen parte dela eta, «noski, bat datorrela Ukrainako herritarrei babesa adieraztearekin». Aldiz, gaur Udaleko ordezkaririk «agenda arrazoiengatik» egon ez dela adierazi dio Udalak hedabide honi, «aurretik lotutako hitzorduak ezin mugitu».