Xabier Maguregi: «Jokalariek mailarik onena emateko ezinbestekoa da haien egoera emozionala zaintzea»

Argazkiak: Jon Gomez Garai.

Xabier Maguregi, S.D. Eibarreko atezainen entrenatzailea
BINKE / 2026ko iraila

«Atezain on batek lidergoari eusteko gaitasuna izan behar du»

· Xabier Maguregi Jairo
1980, Galdakao

Industria Mantentzeko Goi Teknikaria, Futboleko Goi Kirol Teknikaria eta futbolean aplikatutako Big Datan aditua da. Futbolean aritu zen hainbat taldetan, eta 27 urte dituenetik entrenatzailea da. Galdakao, Arenas eta Bermeo taldeetatik igaro da, eta gaur egun Eibarreko nesken taldeko atezainen entrenatzailea eta klubeko atezainen saileko koordinatzailea da.

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta S.D. Eibar

Futbolean aritu zen urte luzetan zehar, eta leku askotan ibili ostean, S.D. Eibarren lan egiteko eta futbol profesionalera bueltatzeko aukera izan zuen Xabier Maguregik. Zenbait urte daramatza klubean, eta gaur egun nesken lehen mailan jokatzen duen Eibar taldeko atezainen entrenatzailea da, eta baita klubeko atezainen saileko koordinatzailea ere. Liga hasi berri denean, galdakoztarrarrekin hitz egiteko aukera izan du BINKEk.

Denboraldia hasi berri da. Sailkapenari begira, zein da Eibarren erronka aurten? Gure taldearen helburua urtero bezala lehenengo mailan jarraitzea da. Badakigu gure errealitatea zein den, Liga F-ko maila oso altua da.

Eta zurea, pertsonalki? Dagokidan alorrean norbanako bakoitzak bere lekua topatzeaz gain, guztiak eroso eta gustura sentitzea da nire helburu nagusia. Hortik abiatuz, bakoitzak dituen hobetzeko aspektuak aztertu eta helburu pertsonalizatuak finkatuko ditut, beti ere beraiekin elkarlanean. Aurten hiru atezain ditugu, bakoitza bere hizkuntza eta bere kultura ohiturekin. Oso harro nago Alemania, Katalunia eta Oñatiko nahasketa zoragarri hau sortzeagatik, bai maila profesionalean zein pertsonalean.

Zenbait urte daramatzazu Eibarren jada. Galdakaotik emakumezkoen futbol profesionalera, zein izan da zure ibilbidean mugarri izan den unea? Dena oso modu naturalean heldu zen. Leku askotan futbolean ibili eta gero, S.D. Eibarren lan egiteko eta futbol profesionalera bueltatzeko aukera izan nuen. Dedikazio eta ahalegin handia eskatzen duen arren, niretzat zorte handia da honetaz bizi ahal izatea. Baina guzti hau ezinezkoa litzateke etxekoen ulermen eta babesik gabe, beraz, esker hitzak beraientzat.

Atezainekin lan egiteak badu zerbait berezia: oso agerian dagoen posizio bat da, non akats batek partida bat erabaki dezakeen. Zer transmititzen saiatzen zara presio horrekin bizitzen ikas dezaten? Horrelako egoerak kudeatzea ez da erraza inorentzat. Nire ustez, atezain bakoitzaren perfilaren arabera jokatzen saiatzen naiz, lana bakoitzaren nortasunera, esperientziara edo une pertsonalera egokituz. Huts egiteari garrantzia kendu diezaien saiatzen naiz, eta benetan garrantzia duten gauzei balioa ematen.

Asko aldatu al da atezainen prestaketa azken urteotan? Futbola oso arin aldatzen da. Entrenamendu espezifikoa taldearen joko-eredura egokitu behar da, bai erasoan eta bai defentsan. Bestalde, gaur egun lan psikologikoa ere egiten dugu atezainei emozioak kudeatzen laguntzeko. Horrela, beraien garapen pertsonal zein profesionalean (futbol zelaian eta hemendik kanpo neurri batean) laguntzen saiatzen gara; batetik, ahalik eta errendimendu hoberena lortzeko, eta bestetik, beraien zoriontasuna zaintzeko.

Gaur egun ezinbestekotzat jotzen ditugun zer gauza ez ziren lantzen antzina? Sentimenduak eta emozioak. Ezinbestekoa da gure egoera emozionala zaintzea gure mailarik onena emateko. Sentitzen dugunaz berba egitea eta kontzentrazio egoera onenari eusten saiatzea lehentasunezko lana da guretzat gaur egun. Lehen hori ez zen kontuan hartzen.

Jendeak pentsatzen duen bezain beste garrantzia ematen diozue penaltiak prestatzeari? Garrantzia du, baina guretzat ez da lehentasunezko lana. Partidu aurretik, atezainek aurkarien azken penalti jaurtiketak ikusten dituzte, eta ondoren beraiek erabakitzen dute zer egin.

Emakumezkoen futbola asko hazten ari da, baina oraindik ere aldeak daude gizonezkoen futbolarekin alderatuta. Eibar bezalako klub baten barrutik, zer aurrerapen nabaritu dituzu, eta zer dago egiteko oraindik? Klubetik jaso dugun tratua beti izan da bikaina, euren aukeren barruan eskaini ahal diguten guztia ematen digute. Aurrera begira, hobekuntza posibleak txapelketaren eboluzioari lotutakoak izan beharko dute.

Zein ezaugarri izan behar ditu atezain on batek maila gorenean lehiatzeko? Lehenengo eta behin baldintza fisiko batzuk bete behar ditu. Horrez gain, teknikoki trebea izan behar du, baina bereziki garrantzitsua da futbolean ondo jokatzen jakitea. Jarrerari dagokionez, txapelketako une edo egoera bakoitza ondo kudeatzeko eta lidergoari eusteko gaitasuna izan behar du.

Ezaugarriez hizketan, badaude emakumezkoen futbola emakumeen baldintza fisikoetara egokitu behar dela uste dutenak, porteriak eta zelaiak txikituz, adibidez. Zein iritzi duzu zuk horren inguruan? Arazoa da emakumeen futbolera ohituta ez dagoen ikusleak gizonezkoen futbolarekin alderatuta epaitzen duela jokoa, horretara ohituta dagoelako. Zelaiak edo porteriak txikitzeari dagokionez, logistikoki ezinezkoa izateaz gain, ez zait beharrezkoa iruditzen. Atezainen altuera eta indar eboluzioak berak erakutsiko digu neurri aldaketarik ez dutela behar. Egoera horrek onartzea kostatzen jaken zaleak lasaiago egotea ekarriko dau gaur eta etorkizunean.

Galdakaon futbol tradizio handia dago eta haur asko kirol honi lotuta hazten dira. Zure ustez, zer hobetu beharko luke oinarrizko futbolak neska gehiago egunen batean futbol profesionalera iristeko? Garrantzitsuena ume guztiei futbolean jokatzeko aukera eskaintzea da. Galdakaon aukera paregabea eskaintzen digu futbol eskolak, eta lan bikaina egiten du herriko umeak kirola oinarritzat hartuta hezten. Futbol profesionalera iristea hainbat faktoreren ondorioa da, baina ez dut uste herriak esparru honetan egiten duen lanak helburu hori izan behar duenik. Umeek, neska zein mutil, futbolarekin gozatzea lortu behar dugu, eta hobekuntzak eguneroko lanak ekarri ohi ditu. Hobetzeko proposamen moduan, herrian kirola modu librean praktikatzeko baliabide gehiago jartzeko eskaera egingo nuke.

Futbolari batekin lan egiten duzunean nabaritzen duzu atzean familia bat, herri bat edo haren aldeko apustu handia egin duen ingurune bat dagoela? Futbolari batek, beste edozein pertsonak bezala, bere gertukoen maitasuna eta errespetua sentitzeko beharra du, momentu onetan eta batez ere zailetan. Ingurukoen baldintzarik gabeko laguntza sentitzea oso garrantzitsua da lanean jarraitzeko.

Gutxi batzuk maila gorenera heltzen dira, eta beste asko ez. Nola laguntzen diezue frustrazio hori kudeatzen? Maila gorenera heltzeak ez du zoriontasuna ziurtatzen, ezta guztiz asebeteta sentitzea ere, eta hori argi izan behar dute gaztetatik. Futbolari ororen helburua futbola garapen eta hobekuntza pertsonalerako bide moduan erabiltzea izan behar da. Honetaz argi eta garbi berba egitea ezinbestekoa da helburuak egokitzeko eta guztiz alferrikakoak eta kaltegarriak diren sufrimenduak saihesteko.

Gaur egun garrantzi gehiago ematen ari zaio kirolarien osasun mentalari, baina asko dago egiteko, ezta? Egiten ari da, eta etorkizunean ere asko eboluzionatuko da arlo honetan. Ezinbestekoa da pertsonei laguntzea euren burua hobeto ezagutu dezaten; horrek berehalako errendimenduan eta euren bizitzan lagunduko die. Familiaren eta inguruaren papera honetaz jabetu eta kirolaria errespetatzea da.

Zuri pertsonalki, zer erakutsi dizu futbolak, agian ez zenuena espero horretan lanean hasi zinenean? Futbolari ohi moduan daukadan ibilbidetik zein entrenatzaile lanetik, futbolari eskertu behar diot: nire burua hobeto ezagutzea, autokontrola, leialtasuna, erantzukizuna… Futbolak dena intentsitate handiz bizitzera eramaten zaitu, jende, inguru eta egoera asko ezagutzera, segundo gutxitan euforiatik tristurara pasatzera. Umiltasun ikasgai etengabea da.

Eibar bere lurraldeari eta herri txiki bati oso lotuta dagoen klub eredua da. Ba al du ezer berezirik nortasun hori duen proiektu batean lan egiteak? S.D. Eibar oso klub berezia da, beti errespetua, diziplina, konpromisoa, umiltasuna, ahalegina eta talde-lana bezalako balioetan oinarritutako kudeaketa daukana. Klubeko langileok badakigu geu hona heldu baino lehen pertsona askok zein ahalegin handia egin duten; klubak urteotan egin duen eboluzioa ikaragarria da eta oso harro gaude familia handi honen parte izateaz. Hori egunero sentitzen da lankideekin lan egiterakoan, eta gure betebeharra balio horiek kirolariei erakuztea da.

Eta galdera bat ixteko: hiru hitzetan definitu beharko bazenu zer esan nahi duen futbolak zuretzat, zeintzuk aukeratuko zenituzke? Umiltasuna, elkartasuna eta autoezagutza. • 

situs togel

situs toto