Galdakaoko Sollube kalean kontsulta ireki berri du Oier Madariaga nutrizionistak, urte eta erdi zerbitzua etxetik eskaintzen ibili ostean. Galdakoztarra kirol-errendimenduan eta gorputz-osaeran aditua da, eta berarekin hitz egin du BINKEk nutrizioak osasunean duen eraginaz.
Oier Madariagak nutrizio eta dietetikako ikasketak egin zituen Gasteizen, eta horren ostean mundu horretan murgiltzeko pentsamendu kritikoa lantzen hasi zen formazioen bitartez, «ezinbestekoa delako». Basurtuko eta Usansoloko ospitaletan lan egin zuen endokrinologoekin, eta ostean bere kabuz zerbitzua eskaintzen hasi zen. Urte eta erdi inguru ibili da nutrizio zerbitzua etxetik eskaintzen, eta «ondo funtzionatzen zuela ikusita», kontsulta bat ireki berri du Galdakaon, Sollube kalean.
Argi zenuen hasieratik lokala Galdakaon ireki nahi zenuela? Bai. Hemengoa naiz eta hemen egiten dut bizitza, askotan kanpoan egon arren. Herriko jende askok eskaintzen dudan zerbitzua ezagutzen du jada, eta nire helburua haiekin pertsonalki egon ahal izatea eta prozesuan laguntzea da. Noski, jende berria etortzea ere, eta lokala herriko erdigunean egoteak —Sollube 7 kalean— asko errazten du hori.
Zergatik da garrantzitsua nutrizioa? Nutrizioa zaintzea oso garrantzitsua da osasuntsu egoteko. Jende askok adibidez uste du kirola egitearekin nahikoa dela, baina dieta orekatu eta osasuntsu bat mantentzea ezinbestekoa da gorputza modu egokian zaintzeko.
Itxuraz haratago, askoz gehiago da nutrizioa orduan. Hori da ulertu behar dugun gauzarik garrantzitsuena. Hori edo beste jateak ez du eragina bakarrik gure itxura fisikoan, baizik eta gure organoetan ere. Nutrizio egoki batek gaixotasunak prebenitu ditzake, edo horien garapena gutxitu edo atzeratu. Osakidetzak adibidez gero eta garrantzia handiagoa ematen ari dio prebentzioari, eta horretan garrantzia handia dute nutrizioak eta ohiturek.
Jende askok aldaketa azkarrak bilatzen ditu dieta muraritsuen bitartez. Horien kontra zaude? Noski. Lehenik eta behin ulertu behar duguna bakoitzak bere gorputza duela da. Bizi baldintzek eta ohiturek eragin handia dute gorputzean, baina baita konponente genetikoek. Dietak ezberdinak izan behar dira pertsona bakoitzarentzat, eta prozesua ez da inoiz ulertu behar aldaketa azkar bat bezala, garapen integral bat moduan baizik. Nik hemen tresnak ematen dizkiet gero egunerokotasunean haiek jakiteko zer jan eta nola jan. Dieta miraritsu horiek min handia egiten dute, batez ere gaur egun, sare sozialen bitartez hain azkar zabaltzen direla.
Sare sozialak aipatuz, gorputzak konparatzeko eta gutxietziak sentitzeko sentitzeko iturria dira. Tamalez gorputz eder eta argalak agertzen dira gehien-gehienetan sare sozialetan, eta horrek min handia egiten die haien gorputzarekin eroso sentitzen ez direnei. Beste motatako mezu bat zabaldu beharra dago, eta horretan nutrizioan adituok gure erantzukizuna dugu.
Askotan orduan psikologoaren paperean jartzen zara. Psikologoek haien tresnak dituzte jendeari laguntzeko, eta ni ez naiz horretan sartu nahi, haien lana da. Baina egia da ni saiatzen naizela niregana etortzen den jendea eroso sentiarazten. Azkenenean haien intimitatean sartzen ari naiz askotan… •




