Abuztuko oporrak joan jakuz, BINKEri be bai. Irailean egon arren, abuztura joko dogu. Izenetik hasirik, erromatar kalendario zaharrean, bosgarren hilabetea ‘quintilis’ zan eta Julio Zesarrek bere izena jarri eutsan, uztaila euskeraz; eta seigarrena ‘sextilis’. Augusto enperaroreak be bere izena jarri eutsan eta euskeraz abuztu mailegua, agorril, dagonil, egokituak. Baserrietan lan egiten zan abuztuan: gariak jo, galondoak landu, arbia erein, artotzak zaindu, indabak batu, bedarrak sikatu, etab. Aztu edo igarleen ustez eguraldirako be erabilten ziran abuztu hasierako hamabi egunak urteko eguraldia jakiteko: «Abuztuaren lehena, abuztukoa, bigarrena, irailekoa, hirugarrena, urrikoa, laugarrena, zemendikoa, bosgarrena, abendukoa, seigarrena, urtarrilekoa, zazpigarrena, zezeilekoa, zortzigarrena, martikoa, bederatzigarrena, apirilekoa, hamargarrena, maiatzekoa, hamaikagarrena, bagilekoa, hamabigarrena, uztailekoa». Abuztuan jai ugari ospatzen doguz. Beharbada, handiena Andra Mari, batez be Begoñan erromes eguna 15ean. A! Abuztuan Gasteiz, Donosti eta Bilboko aste nagusiak ezin ahaztu. Abuztuan zehar gure baserri eta urietan «zelako musika halako dantza».
«Abuztuaz», Manu Etxebarria


