Martxan da honezkero Berbalagun ekimenaren 22. edizioa Galdakaon, herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak batzeko helburuarekin. Atzo aurkeztu zituzten aurtengo berrikuntzak, eta albiste honetan batu ditugu.
Beste urte batez, Berbalagun ekimena antolatu dute Galdakaon Udalak eta herriko euskaltegiek. Aurtengoa 22. edizioa izango da gure herrian, eta atzo aurkeztu zituzten nondik norakoak Galdakaoko eta Basauriko ordezkariek, izan ere, eskutik aritzen dira Berbalagun programak herri bietan.
Galdakaoko Basoa tabernan egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Asier Martín eta Ioritz Lopez de Alda Galdakaoko eta Basauriko Berbalaguneko dinamizatzaileak, hurrenez hurren.
Arriandiagak urtero ekimen hau aurrera eramateko egiten duten ahaleginagatik eskerrak eman zizkien antolatzaileei, eta «euskarak gure nortasunean eta egunerokotasunean duen garrantzia» nabarmendu zuen.
«Euskara kalera ateratzea da Berbalagun ekimenaren helburu nagusia, eta aurtengo leloari eutsiz, euskara praktikatzera animatzen ditugu herritarrak», adierazi zuen Martinek.
Galdakaoko dinamizatzaileak azaldu zuenez, herrian 22 talde daude martxan aurten, 140 lagun ingururekin. Berrikuntza nagusiak kafe filosofikoa, euskal kantagintza eta bertsolaritza lantzeko taldeak dira, eta baita ping-pongean aritzekoa ere.
Halaber, iaz arrakasta handia izan zuten ondare eta mendi martan daude, besteal beste, eta aurrerago abiatuko da familientzako Gurasolagun taldea.
Taldeetan zein ekintzetan izena emateko, 607146855 edo 645715621 telefonoetara deitu edo galdakao_berba@aek.eus helbidera idaztea nahikoa da. Horrez gain, interesa dutenek informazio gehiago aurki dezakete Berbalagunen blogean edo Galdakaoko Udalaren webgunean.
Hauek dira urte amaierara arte izango diren hitzorduak:
- Urriak 25, domeka: Atxarreko San Pedrora mendi irteera, Basauriko udaletxearen aurretik, 08:30ean.
- Urriak 29, eguena: Berbalagun aurkezteko jaia, Galdakaoko Ganguren tabernan, 18:30ean.
- Azaroak 28, zapatua: Mandoia mendira irteera, Basauriko udaletxearen aurretik, 08:30ean.
- Azaroak 29, domeka: Usansoloko kultura ondarea ezagutzeko irteera, Txapelenatik, 11:00etan.
- Abenduak 2, eguaztena: Mintzodromoa, Kurtzeko frontoian, 10:30ean.
- Abenduak 18, barikua: Jarduera San Jose ikastetxean, 19:00etan.
Hemen Asier Martin Galdakaoko dinamizatzailearen eta Lupe berbalagunaren hitzak ekimenaren inguruan:




