Agertokietatik kanpo hogeita hamar urte egon ondoren, oholtzetara bueltatuko dela iragarri du Exkixu talde mitikoak. Oxabi taldeko sortzaileetariko bat den Jon Eguskiza galdakoztarra trikitilari izango du taldeak.
Bandak agurra iragarri zuenetik 30 urte igaro direnean, oholtzetara bueltan dela iragarri berri du Exkixu talde mitikoak. 1990eko hamarkadan euskal musikagintzan erreferente izandako taldeak kontzertu bakarra iragarri du oraingoz, baina gehiago izan daitezkeela adierazi du.
Zehazki, Bilbo Arenan eskainiko du lehen kontzertua, eta sarrerak bihar, urriak 23, jarriko dira salgai exkixu.eus eta haziberri.eus webguneetan.
Aro berri honetan Alex Sardui izango da berriro abeslaria, eta bidelagun izango ditu Ken Zazpin aritutako Beñat Serna gitarrista eta Jon Fresko bateria jotzailea, Gatibuko kide izandako Ekain Alzola baju jotzailea, eta baita Oxabiko sortzaile eta trikitilari izandako Jon Eguskiza galdakoztarra ere.
Halaber, Exkixuren sortzaileetako bat ere igoko da berriz oholtzara aipatutakoekin batera: Iñigo Ibarretxe albokaria. Zornotzarra izan arren, Galdakaorekin lotura handia du ere Ibarretxek, izan ere, Elexalde Institutuko irakaslea da.
Exkixuk bi disko argitaratu zituen bere ibilbidean zehar: Exkixu (1993) eta Gaua heldu orduko (1995). Urte horietan, taldeak ospea lortu zuen Sua, sua, Aurkitu zintudan, Agur, Sorginen leizean eta Amaiur abestiekin.




