Azaroaren 16tik 21era antolatuko da aurtengo Galdakaoko Musika Astea, eta sei emanaldi eskainiko ditu. Besteak beste, ganbera musika, pianoa, txistua eta musika klasikoa uztartuko dituzte saioek, eta hemen batu dugu egitarau osoa.
Azaroaren 22an Santa Zezilia ospatuko da, Musikaren Eguna, eta horren harira Galdakaoko Musika Astea antolatuko du aurten ere Maximo Moreno Udal Musika Eskolak.
Hogeita hamabosgarren edizioa hilaren 16tik 21era bitarte izango da, eta sei saio eskainiko ditu. Maiteder Lertxundi udal musika eskolako zuzendariak egitaraua azaltzeko agerraldian adierazi zuenez, hiru arrazoi nagusi daude Musika Astea antolatzen jarraitzeko: «Batetik, eskolan dauden ikasleek hemen ikasten dutenaren adibideak ikusteko. Bestetik, munduan zehar egiten dena ikusteko, eta azkenik, entzule bezala ikasleek prozesu bat hasteko».
Ildo horretan, Edurne Espilla Kultura zinegotziak ikasleek eta galdakoztarrek kulturaz gozatzeko egitura egonkorrak izatearen garrantzia azpimarratu zuen, Maximo Moreno Udal Musika Eskola eta Musika Astea aipatuz.
Eskolari erreferentzia eginez, «herrian oso errotuta dagoen instituzioa» dela nabarmendu zuen Iñigo Arriandiaga alkateak, izan ere, «belaunaldi asko igaro dira, igaro gara, bertatik».
Musika Astearen egitarauari dagokionez, publiko mota guztientzako emanaldiak izango dira datorren astean zehar:
- Azaroak 16, astelehena: Dolmen Ensemble ganbera taldeak errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea uztartuko ditu, genero horren indarra eta bilakaera nabarmenduz. Euskal konpositoreen lana balioan jarriko du, nazioarteko sortzaileen musikarekin elkarrizketa osatuz, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko loturak arakatzen dituen proposamen batean.
- Azaroak 17, martitzena: Eko eta itsasoa publiko guztientzat den arren, bereziki umeei zuzendutako ikuskizuna da, antzerkia eta musika klasikoa uztartzen dituen umorezko obra. Eko, ustekabean, izaki magiko bihurtuko da, eta itsasoa kutsatu duten arazoei aurre egin beharko die. Horretarako, ikusleen eta itsasoko musikaren laguntza izango ditu. Lortuko al du?
- Azaroak 18, eguaztena: Duo Boreal taldeko Claudia Besne harpa jotzaile donostiarrak eta Eva Calvo gitarra jotzaile segoviarrak bidaia musikal batean murgiltzera gonbidatuko dute publikoa. Harparen eta gitarraren arteko elkarreraginak melodiak eta akonpainamenduak uztartuko ditu, hainbat garai eta estilotako soinuak sortuz. Besteak beste, Piazzolla, Albeniz eta Boccheriniren piezak interpretatuko dituzte.
- Azaroak 19, eguena: Moises Sanchez piano jotzaile eta konpositoreak Soliloquio izeneko kontzertua eskainiko du. Bere konposizioak, inprobisazioak eta beste konpositore batzuen obrak uztartuko dituen musika bidaia proposatuko du, bere sormen unibertsoan murgiltzeko aukera emanez.
- Azaroak 20, barikua: Txistu Bandak kalejira egingo du Galdakaoko kaleetan barrena, 19:00etan hasita. Herriko kaleetan txistuaren doinuez gozatzeko aukera izango da.
- Azaroak 21, zapatua: Da Capo Musika Banda galdakoztarrak kontzertua eskainiko du Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan, 5 euroren truke.
Astelehenetik barikura antolatuko diren saioak Maximo Moreno Musika Eskolan izango dira 19:30ean, eta sarrerak eskuragai daude 3 euroko prezioan.




